Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Euskal irratiaren historiaurrea

2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ua ua, emendik, otsa.Euskarazko irratigintzaren hasierak kontatzen ari zaigu Koldo Ordozgoiti atalez atal, pilulen tamainan, astelehen eta ostegun eguerdietan EIn. 30 eskaini zaizkigu orain arte (postcat-en bidez entzungarri). Nondik gatozen jakin nahi duenarentzat, ezin argigarriagoak. Ua ua, emendik, otsa, abill azkar, pizkor habotsa deiadar eginez Joseba Zubimendi eta Ander Arzelus aitzindariek (aitormen gutxi jasotakoak) egin ohi zituzten emisioekin hasten dira. Hortik aurrera, hainbat pasarte gogoratzen dira, besteak beste, Mitterrand betidaniko demokratak Iparraldean 1954an itxi zuen irratia, erresistentziako gudariek egindakoa.

Nork bere baldintzak.Egun ezagutzen dugun EIren aurrekaria izan zen irrati hark zein baldintzatan (altruismo hutsa, bitarteko tekniko kaskarrak, agintarien erasoak…) aireratu behar izan zuen nabarmentzen da zenbait ataletan, aipaturiko irratsaioan. Ordozgoitiren lan txukunak jarraipen polita eduki zezakeen, akaso, beste hainbat ataletan aztertuko balira hiru euskal administrazioetan, egun, bizi diren euskal irrati txikiak. Alegia, horietako bakoitza zein baldintza kaskarretan aireratzen den. Eta, nahi izanez gero, horienak alderatu egungo EIk dituen baldintzekin.

Manuel De la Hoz. 42 urteko donostiarra urtarrilaren 16an hil zen, Pico de Crabére eskalatzen ari zela bertatik erorita, Pirinioetan. Musika eta mendizaleen giroan aski ezaguna izateaz gain Donostian, irratigile amorratua zen. Elmostradorderob.com bloga sortua zuen musikaz gogora zetorkion guztia (pop anglosaxoia batez ere) argitaratzeko asmoz. Bertan La hora de Rob saioa egin ohi zuen ahotsez, postcad-ak sarean jarriz. Azkenaldian Altzako Casares irratian (107,4 FM) aditu zitekeen, asteazkenetan gaueko 22:00etan. Goi uhinetan bego.

Umorezko saioa.Almudena Cachok Hitzetik Hortzera ETB1eko bertso saioa El parlamento de las ondas-era eraman zuen atzo. Harentzat programa arrotza izaten jarrai zezakeen (euskara eta euskal kulturatik datorren beste edozer bezainbat), non eta bertan Jesus Egiguren atera izan ez balitz adierazpen karrankariak eginez. Vicente Reyes PSE-EEko ordezkariak umorezko saiotzat jo zuen eztabaidan. Euskal klase politiko eta kazetaritzaren sektore bat eskutik doa ezjakintasunean, euskaraz egiten den guztiarekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.