Egigurenek ETBri buruz esandako hitzak ekarri nituen atzoko zutabera: gaztelaniazko kate guztiak kendu beharko liratekeela eta euskarazko kate bat eta kalitatezkoa sortu. Eta, zutabea amaitzeko, hitz horiekiko adostaduna adierazi nuen. Baina hori baino ez, adostasuna zertan den azaldu gabe. Hau da, zergatik uste dudan nik ere, ez hainbeste telebista kateak kendu beharko liratekeela, baizik eta euskarazko kate bat eta kalitatezkoa egin beharko litzatekeela.
Eztabaida ez da berria. Tarteka esnatu egiten da, lozorroan den animalia bezala, baina esan genezake sortzetik beretik eman duela zeresana ETBko politika linguistikoak. Jaiotza marka bat da ETB eta hizkuntzen arteko polemika. Jaurlaritzako gobernu aldaketak EITBn ere aldaketak ekarri zituenetik berriz azaleratu dira, oro har, etxearen gaineko kritika eta eztabaidak, baita, noski, bertan erabiltzen diren, erabili beharko liratekeen hizkuntzen gainekoak ere.
Ez naiz ezkutatuko: pentsatzen dut Euskal Telebistak zentzurik badu, EAEko telebista publikoa den neurrian —ez dugu ahantzi behar EAEko telebista publikoa dela, ez gehiago—, euskaraz duela zentzua. Nahi bezala: euskaraz bakarrik, euskaraz batez ere —lehenaren aldeago ni—, baina euskaraz. Eta ez orain indarrean den kate bakoitzeko hizkuntza bat formatu horrekin, euskarazko katea amoina, limosna bilakatu dela gaztelaniazko kate zentral, inportante eta ezinbestekoaren aldean.
Zerbitzu publikoaz ari bagara, hots, botere publikoek herritarren beharrak betetzeko eman beharreko zerbitzuaz, ETBk zentzua du soilik euskaraz bada, informazioa, entretenimendua gaztelaniaz eskuratzeko aukera ase baino aseagoa baitauka gaztelania hiztunak. Eta, aldiz, euskarazko ETB batek ziurtatuko luke ikusleak bi hizkuntzetan izatea telebistarako sarbidea. Baina areago: iruditzen zait seta handiagoa erakutsi behar dugula euskararekiko, euskara sartu behar dugula benetan jokoan, euskarak behar duela izan helburu.
ETBko gaztelaniazko katea estrategikoa dela esango dute. Estrategikoa bai, baina zer estrategiarentzat? Prentsa idatziarekin konparatuko da egoera gero. Koldo Izagirrek berriki esan duena ekarriz, ordea, nik ez dut egitura abertzalerik nahi, egitura euskalduna baizik. Eta hor euskarazko ETB batek dauka, zalantzarik gabe, balio egiazkoa.
Komunikazioa. Ekografiak
Euskarazko ETB
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu