Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Ez dira alegerenak

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Esan beharra dizuet tarte honetan hasi nintzenetik ez dudala aparteko arazorik izan testuok egiteko. Tira, idazteko bai, beti izaten dira gorabeherak; batzuetan eskas da inspirazioa, besteetan eskasago. Bizitzak ez duela beti berdin jotzen, alegia —ikasi dut errazago idazten dela umore txarrez, umore onez baino—. Esan nahi nuen ez dudala aparteko arazorik izan testu hauetako gaiak aukeratzeko. Egunerokoak borbor jaulkitzen dituela hamaika gai, helduleku, amu, zutabegile abilak zeini kosk egingo. Eta gaia iruditzen zait dela kasuon garrantzitsuena, nahiz istorio bati zentzua istorioak berak ez baizik estiloak ematen diola esaten zuen Carlos Pujol zendu berriak —pasaran jakin dut zendu berri dela—. Dena papurtzen ari den garaiotan, kontsolamendu hori behintzat geratzen zaigu: zutabeak idazteko material asko eta gehiago daukagula.

Grezia, adibidez —frantsesen bidez jakiten dut paraje hauen berri, Grezia, Hungaria; espainiarrak ez dakit nora begira ari diren—. Orain bi urtetik hona inoizko krisi ekonomiko eta sozial larrienetakoa jasaten ari da herrialdea, eta gehien kaltetutako sektoreen arteko bat da hedabideena. Kaleratzeak, soldata jaitsierak, ordainketa atzerapenak. Txiste erraz bat egitearren: a ze Grezia! Baina egoera jasangaitza zen: behi lodien garaietan—1980ko bukaeran telebista pribatizatu zutenetik 2008ra arte—, garapen izugarria jasan zuen sektoreak. 10 milioi biztalenko herrialde batean, Portugalek baino hamar aldiz hedabide gehiago pilatu zituzten. 150 telebista katetik gora —horietako 11 nazional—, 800 irrati kate, ehunka aldizkari, dozenaka egunkari, hamabost bat kiroletako... Ugaritasun horren arrazoia: politikaren eta botere ekonomiko eta mediatikoaren arteko lotura estua.

Baina areazko gaztelua behera etorri da. Sosa joan da, eta egoera gaiztotu. Eta garai larrion erakusgarri Alter genuke, langileek azken asteotan harturik duten telebista katea. 500 milioiko zorra pilatuta, ez dute jasotzen beren lanagatik beharko luketen dirua, eta horrexegatik hartu dute katearen egoitza. Ez bakarrik hori, katearen emisioa baliatzen ari dira jabeen makurrak zabaltzeko eta beren erreibindikazioei leku egiteko.

Badakit, ez dira munduko konturik alegerenak. Baina ondorio bat ateratzen diote analistek egoerari: kazetaritza eredua —ez soilik sektorea— aldatzeko aukera ekar dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.