Edu Lartzanguren.
Elliot Murphy. Musikaria

«Ez dut batere diziplinarik, baina deabruei deitzen diedanean, etorri egiten dira»

2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Elliott Murphy (New York, AEB, 1946) «azken rock izar» gisa deskribatu izan dute, baina hori baino askoz gehiago da: rockaren historiako pertsonalitate sendoetako bat. Kantugile, abeslari, gitarrista, idazle eta ekoizlea da.AEBetan diskoetxetatik urruntzen eta bere burua independente gisa antolatzen lehenetakoa izan zen, 1980. urtean. Bi nobela eta bi ipuin bilduma argitaratu ditu. Gaur eta bihar Bilbon emango dituen kontzertuetarako sarrerak amaitu egin dira. Asteartean, Donostian izango da, 20:00etan, Viktoria Eugenian. Tuteran (Nafarroa) datorren igandean.

Ezagutzen dugu Elliott Murphy musikaria. Emango zenioke ospe horren apur bat Elliott Murphy idazleari?

Beti esaten dudanez, literatura nire erlijioa da, eta rock-and-rolla, harrapatua naukan droga. Ez dakit emango ote nuen neure ospea omen den horretako puska bat idazle gisa ezagunagoa izatearren, uste dudalako kantugile gisa abeslari eta gitarra jotzaile moduan bezain ezaguna naizela. Arrakastaren alderik hoberena zeure entzuleekin duzun harreman zuzena da, emanaldiak, txaloak eta zaleekin elkartzea ondoren. Ni, neurez, bakartia naiz. Soilik nire katuarekin eta zakurrarekin hitz egiteraino bakar dezaket neure burua. Beraz, musikak eraman nau muturreko barrenkoia izatetik kanporakoi harroa izatera. Jakina, idazten jarraitzen dut, eta azken boladan, Matthew anaiarekin batera idatzi dudan nobela amaitzen ari naiz. Beraz, ezin ditzaket biak eduki?

Banandu egiten duzu zeure idazle lana eta musika sortzaile gisa egiten duzuna, edo lan beraren bi aurpegi gisa ikusten dituzu?

Musak unean duen umorearen araberakoa dira biak, fikzioa idaztea eta musika sortzea. Baina, denok dakigunez, deabruei deitzen diezunean, beti erantzuten dute, etorri egiten zaizkit. Nire bulegoan piano bat dago, eta gitarra askotxo. Beti jotzen dut musika pixka bat, egunero minutu gutxian bada ere. Eta bukatu gabeko bi eleberri eta antzezlan bat ditut ordenagailuan, eta arreta eskatzen didate etengabe. Musika eta idaztea, biak behar ditut. Eta, halere, ez dut batere diziplinarik; ez dut plangintzarik. Uste dut horregatik maite dudala kontzertuak ematea, lan egiteko programa argi bat ematen didatelako.

Parisen bizi zara 1989. urtetik, baina, zuzeneko azken diskoa grabatzeko, New York jaioterrira itzuli zinen. Bizilekua aldatzeko asmorik baduzu?

Oraindik Parisen bizi naiz, baina gero eta gehiago nabil Ameriketako Estatu Batuetan. Bira bat egiten dut han urtero. Iazkoan, Just a Story from New York zuzenekoa grabatu genuen, eta oraintxe atera dut. Estudioko azken lanari Elliott Murphy izenburu soila jarri diot. Gaspard Murphy semeak ekoitzi zuen. Zaila da nire lanari jarraitzea, urtero disko bat argitaratzen saiatzen naizelako.

Bilbon gaur eman behar duzun kontzerturako sarrerak berehala amaitu dira, baita biharko kontzertukoak ere. Toki guztietan gertatzen al zaizu hori?

Euskal entzuleak maite ditut, batez ere Bilbokoak, kontzertuetan emozio handiz erantzuten dutelako. Uste dut hogei urte daramatzadala hona itzultzen, eta harremana hazi egiten da bakoitzean. Kontzertu hau neure sortzaile-urte berriaren hasieratzat daukat, eta Olivier Durandek, nire gitarrista fidelak, eta biok urtero aldatzen dugu jo beharreko abestien zerrenda. Euskal entzuleek asko eman didate eta saiatzen naiz beti haiei ahalik eta gehien itzultzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.