Estreinako bi kapituluen ondotik azaldu ziren Bi eta bat telesailaren gaineko lehenengo iritziak. Gehienak ere norabide batean zihoazen, eta ados nengoen orokorrean norabide konkretu horrekin. Baina segida luzeagoa utzi nahi izan nion telesailari, badaezpada, ez zedin izan dena lehen kolpeko inpresio. Orain, segida askoz luzeagoa ere ezin diot utzi, denboraldia bukatuko zaion arriskuarekin: eguneko bi kapitulu, hiru aste dagoeneko, lehen sei kapituluak joan dira konturatzerako. Gainera, aste honetan asteazkenetik ostegunera pasa dute emisioa, eta ez dakit denik eta zantzurik baikorrena ote den. Gaur hitz egingo dut, beraz —eta badaezpada—, Bi eta bat berreskuratuaz.
Ariketak bazuen arriskutik. Euskal telebista publikoaren historian euskarazko telesailik arrakastatsuenetako bat —nahiz pribatu aurreko garaiak izan, %20tik gorako ikusle kuota izatera iritsi zena— bi hamarkadaren ondotik berriz grabatzen hastea, pertsonaia nagusi berberak izanik, pertsonaia berriekin, trama berriekin eta, batez ere, teleikusle berriekin. Ezen gu garai hartakoak izango garela usteko baitugu, baina, amigo, tangoak esaten ez zuen moduan, hogei urte ez dira alferrik joaten. Hartara, ikustekoa zen zenbat aldatu diren lehen etapa hartako pertsonaiak, zenbat aldatu den telesaila bera eta, batez ere, zenbat aldatu garen gu, telebistako ikusle gajook.
Eta espektatiben arabera neurtzen direnez gauzak, eta askok akaso asko espero zutelako telesailaren itzuleraz, auskalo mitifikatu egin zutelako-edo —memoriaren edertze hori gertatzen denez denboraren joanarekin—, bada, Bi eta bat berrituak ez die tamaina eman. Baina justu kontrakoa pasa zait niri: akaso gauza handirik espero ez nuelako-edo —ezkortasunerako berezkoa dudan joera da, barkatuko didazue—, baina harritu egin nau, positiboki harritu ere. Egia da eraikinari zutik eusten diotenak oraindik hiru aktore beteranoak direla; egia da hiru horien trama dela denetan sendoena eta besteak, bada, ez direla hainbeste; egia da gag batzuk zalantzazko gustudunak iruditu zaizkidala; egia da bigarren egunean gaztelaniarekiko jauzi kuantitatibo handia egin zutela; baina, aizue, nahiko txukuna aurkitu dut, oro har, telesaila.
Alegia, ez zaidala inondik inora nostalgia ariketa iruditu, baizik eta gaur hemen lasai ikus daitekeen sit-com-a.
Komunikazioa. Ekografiak
Ez nostalgia ariketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu