Kuban gauzak zerbait aldatu direnetik hedabideetan argiagoak omen dira, eta egunero iristen omen zaizkie munduko berriak. Horregatik, jakin ederki dakite gure egoera latza zein latza den, krisian gaudela, eta horren eraginez nola eraldatzen ari den gure eguneroko bizitza. Bestalde, alde handia dago jakitetik ulertzera, edo ulertu nahi izatera. Haientzat, gu kapitalismoa gara, eta eskura daukagu nahi dugun guztia. Dirua dugu, auto eta motoak, sakelakoak, ordenagailuak, neguan berogailua eta urte osoan, goizetik gauera, ur beroa.
Aurrekoan, kubatarretan kubatarrena den lagun bati zorionez lanean nengoela kontatu nion, eta zera bota zidan: «Ze poza, laster etorriko zara, ba, bueltan». Mmm, ez dakit, ba. Besteak berriz, entzungor: «Eta ekarriko al didazu 32 hazbeteko monitore bat, hdmi, vga eta beste sarrera modernoak dituena...». Ein?
Hasteko, gure egoerak ez digula aurrerantzean nahi dugunero harantz joateko aukerarik emango esplikatu behar izan nion. Gaur lana dagoela, baina auskalo bihar; eta joatea lortuko banu, ezingo nukeela halako traste puska bat inola eraman, ez tamainagatik eta ez, noski, prezioagatik. Baina ze monitore eta ze arraio! Nire etxekoa saldu behar izango dut eta, agian.
Orain arte galtzontzilloak, xanpuak, arropa, liburuak, janaria, bizarra moztekoak... oinarrizkoak eramaten nizkion, beharrezkoak, haientzat lortzea ia ezinezkoak direnak. Berak, berriz, ez omen du halako gehiagorik nahi, telebista erraldoi horrekin nahikoa izango du-eta. Ja!
Haiek al dira erregimenarekin bat egiteaz gain Chek bere garaian «kapitalismoari bizkar ematea» eskatu zuenekoa harro goraipatu eta txalotzen dutenak?
Maratila
Ezin ulertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu