Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Garai zaharren oroigarri

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bada bortizkeria bat betidanik ulergaitz, eramanezin, beldurgarria egin zaidana: poliziarena. Esan daiteke zortea izan dudala bizitzan: gurasoek ez naute behin ere ukitu, eskolan ez nintzen kideen kolpeen jomuga, kalean uso izan naiz gehiago, emazteak ez du indar fisikoa erabili nire kontra sekula. Eta batailatxoak kontatzen hasita, nik ez dut inoiz inor jo, eta jo izan nauten bakanetan, polizia izan da —lasai ama, gauza gutxi—. Bortizkeria orok inarrosten nau, baina guk geuk ordaintzen duguna iruditzen zait doilorrena. Esan nahi dut: asteartean Madrilen, asteazkenean Grezian eta Hego Euskal Herrian jipoituak izan ziren ehunka lagunek euren sosekin ordaindu zutela jipoia. Denborapasa makabroagorik ezin dut irudikatu.

Madrilgo irudiez ez dakit komentatzeko gauza handirik dagoen. Tira, gauzatxo bat agian: Espainiako gobernuak bezala, nik ere zoriondu egin nahi dudala polizia, beste behin gogorarazteagatik zer den polizia. Inoiz iritsi banaiz diskurtso ofizialak esaten dituen milikeriak sinestera, astearteko irudien gisakoek ekartzen nautelako beti hasierako usteetara. Greziakoez, zoritxarrez, zer esan, ezpada jada nahi baino ohituago gaudela. Ez genuen uste agian Greziakoak gure inguruan hain gordin ikustea. Eta Hego Euskal Herrikoez, bada, zer hobeto, euskal telebista publikoa mintzaraztea baino.

ETB1eko albistegiek grebaren berri eman zuten, ia esklusiboki parte hartzearen datuak eskainiz, zenbaki festan. Gainontzekoan, istilu gutxi, eguneko salbuespena izan zirela nabarmendu zuten, nahiz istiluen irudiak pasa hori esan bitartean. Gauza batzuk ikasi dituzte aurreko grebatik —martxoaren 29 hartan ertzain batek konortea galdu zuela esan zuten, baina ez gazte bat ZIUn zegoela—. Eta eguerdian dagoeneko jaso zuten lagun bat ospitalera eraman behar izan zutela, begian pilotakada bat hartu ondoren —berriz eskatu beharko dugu hemendik ere gomazko piloten debekatzea—.

Baina azken egunetan ikusi da berriz telebista konbentzionala txiki geratzen dela horrelakoetarako, ezin dela lehiatu sarean dabilen irudi piloarekin. Esan diezaiotela bestela Ainhoa Goikoetxeari. Eta irudi guztien artean, beldurrezko bi: Madrilgo Atocha geltokikoak batetik eta Recuerdo de España idatzia zuen gomazko pilota bestetik. Biak ere gaindituak beharko luketen garai zaharren oroigarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.