Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Gaurko zutabea idazteko

2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gai baten bila ari nintzela, hainbat gauza apuntatu ditut azkenerako. Lehenik eta behin, bi hitz, zein baino zein zatarragoak eta, horregatik akaso, zein baino zein iradokitzaileagoak: SOPA eta PIPA. Txantxa baterako premisa dirudite —ez harritu asteburuko bertso saioren batean aditzen badituzue—. Asuntoa serioa da, ordea. Ia gauza guztien antzera, AEBetatik datoz horiek ere, eta atzo ezezagun zirenak bazter guztietan daude orain: Kongresuak pirateriaren aurka onartu nahi dituen lege proiektuen izenak dira —Stop Online Piracy Act eta Protect Intelectual Property Act—. Kontua zehatz zertan den bideotxo batek azaltzen du argi; nahikoa YouTuben Explicación de la ley SOPA idaztea.

Baina legeok ekarriko luketena aztertze aldera, ondorio bat oso larria, maila pertsonalean bederen —batez ere Encyclopedia Britannica-ko ale guztiak Emaus-eko trapuketariengana eraman nituenetik—: Wikipedia-ren desagertzea. Belaunaldi berrien jakinduria iturri agorrezina. Giza memoriaren ordezko mugarik gabea. Eskolako lanak kopi, tira, egiteko tresna ezinbestekoa. Zerrenda beltzean leudekeen beste webgune batzuk dira, adibidez, azkenaldion hain erabilgarri zaizkidan Seriesyonkis eta Peliculasyonkis atariak. Pentsa, ETBk-eta arranditsuki aurkezten dituzten estreinaldi mundialak aspaldi estreinatzen dituzte atariok —aste honetako Caza a la espía, luze gabe—.

Eta ETBz ari garela, ez bainuen soilik SOPAz eta PIPAz hitz egin nahi, gaurko zutabea idazteko apuntatu ditudan beste zera batzuk. El Conquistador del Fin del Mundo apuntatu dut —denboraldi berria hasi dute, Aconcaguatik errekuperatu gabe gaudela—. Lokaleroak ere apuntatu dut —ez dakit zer final egiten ari diren; saria, Saloura bidaia; konpentsatzen du?—. Baina gauza batzuei buruz gauza nabarmenak baino ezin daitezkeela idatz iruditzen zait. Testu umoretsu bat egin behar nuke horien gainean? Patxi Lopezen diskurtsoa, barka, elkarrizketa ere, apuntatu dut gero, baina hitz egingo dute horri buruz besteek nik baino zuzenago, kiroletako sailean.

Apuntatu dut azken gauza bat. ETBko Ni más ni menos saioak Martxoak 3 elkarteko lagun bat gonbidatu, baina gero saioan ez dutela sartu. Zentsura aipatu da, mespretxua. Ondorioa: hobe gaurko zutabea idazteko apuntatu ditudanak apuntatu behar izan ez banitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.