Asier Fullaondo.
Ezarian. Zientzia. Argi aldian

Gene gerlaria (II)

2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Argi dago gure geneak guretzat oso garrantzitsuak direla, baina argi dago, era berean, gure gene/aleloek ez dutela ezinbestean gure patua finkatzen. Gu, gure gene/alelo konbinazioa baino askoz ere konplexuagoak gara. Eta horren adibide bat hurrengoa da:

Urtarrilaren 3an argitaratutako artikuluan, gene gerlariari buruz idatzi nuen, eta bertan Herbehereetako familia baten kasua aipatzen nuen. Familia horretan, gizonezkoek zuten jarrera erasokorrak gene baten mutazioan oinarri izan zezakeela proposatzen zen, MAOA genean, hain zuzen, eta, beraz, heredagarria izan zitekeela. Jarrera erasokor horren herentzia Xri loturikoa eta errezesiboa zela proposatzen zuten ere; hau da, gizonezkoek jarrera erasokorra daukatela baina emakumeek transmititzen dutela, nahiz eta emakumeak jarrera erasokorrik ez izan. Horrez gain, jarrera erasokorra zuten ginonezkoek, ahaztu behar ez den beste ezaugarri bat ere aurkezten zuten, adimenean atzerapena edo mugako adimen maila.

Kasu horren aurkikuntzaren ondoren, gene horren inguruan (MAOA genea) hainbat ikerketa egin ziren. Ikerketa horiek MAOA genea zuten itua eta Herbehereetako familiarena bezalako kasu berririk ez zuten aurkitu. Gene horretan, aldiz, beste aldaketa xume batzuk identifikatu zituzten. Aldaketa horiek MAOA genearen adierazpen mailan eragina zuten, hau da, genearen adierazpen maila aldatzen zuten. Baina aldaketa horiek ez zuten inolako patologiarik eragiten, eta, beraz, polimorfismo gisa sailkatu ziren.

Polimorfismo horien azterketen ondorioz, ikerlari batzuek ikusi zuten asoziazio estatistiko bat zegoela MAOA genearen 3 aleloa eta jarrera antisozialak zituzten pertsonen artean; hau da, 3 aleloaren maiztasuna handiagoa zela jarrera antisozialak zituzten pertsonetan horrelako jarrerarik ez zituzten pertsonetan baino.

Asoziazio estatistikoak askotan agertzen dira mota horretako analisi genetikoetan, eta ez dute erlazio bat baino adierazten. Erlazio horiek, kausa/efektua adieraz dezakete edo zorizko asoziazioak izan daitezke, hau da, inolako kausa/efekturik ez dutenak. Hala ere, asoziazio estatistikoaren aurkikuntzak hainbat inplikazio ditu: 3 aleloa izateak gure jarrera baldintzatzen du? 3 aleloa izateagatik jarrera antisozialak izango ditugu? 3 aleloa izateak justiziaren aurrean gure ardurak ezabatzen ditu? 3 aleloa zenbatek dute? Giza populazioan oso hedatua dago? Populazio guztietan agertzen da?....

Galdera horiei erantzuteko eta asoziazio estatistikoaren kausa/efektua aztertzeko, hainbat populazio azterketa egin ziren. MAOA 3 aleloaren maiztasuna hainbat populaziotan finkatu zen, eta azterketa horien emaitza deigarrienetarikoa hurrengo izan zen: kaukasiar gizonen artean (populazio zuria izango litzatekeena), heren batek 3 alelo bere genoman agertzen du; gizonen herenak, ordea, ez dituzte jarrera antsisozialik agertzen. Beste hainbat lan ere ondorio berdin honetara heldu ziren.

Argi dago, beraz, asoziazio estatistikoak kasu honetan ez duela kausa/efektu bat adierazten. Egia da, era berean, beste zenbait lanetan ondorioztatu dutela 3 alelo hori izateak eta beste zenbait ingurune baldintza jasan izateak (haurtzaroan bortizkeria jasatea,..) eragina izan dezaketela gizarte aurkako jarreren sorreran. Baina, betiere, MAOA 3 aleloaren eraginaren garrantzia finkatu edo zehaztu gabe, eragina bai baina noraino ezin jakin.

Gu, gure geneen eta ingurunearen elkarrekintzaren ondorioa gara, hau da, gure gene konbinazioa baino askoz ere konplexuagoak gara, eta, hainbat alorretan, gure ingurunearen eragina gure bizitzan eta garapenean, gure geneena baino askoz handiagoa da. Jarrera, izaera, inteligentzia eta antzeko ezaugarrietarako, gure geneak baino inguruneak eragin handiagoa dute; horregatik da hain garrantzitsua hezkuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.