Elikadura. Ardoxka

Gneiss, orthogneiss, granite...

Roberto Sarriugarte
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Nire ardo-lagunek ongi dakite zein gogoko ditudan Loire Haraneko ardoak. Eremu zabala, izugarria eta anitzak eskaintzen dituen ardoak. Duela hiru urte helikoptero istripuan hildako Didier Daguenauren Silex eta Pure Sang edota Nicolas Jolyren Coulee de Serrant bezain handiak eta ospetsuak edo hain ezagunakizan ez arren izugarrizko ardoak, eta merkeak esango nuke, eskaintzen dituen Domaine de L´Ecu upategikoak, adibidez.

Upategi hori Bro Naoned (Pays Nantais) eskualdean dago eta sei ardo egiten ditu.

Jabea Guy Bossard da, eta mahastizainen familia batekobosgarren belaunaldiaren ordezkari da. Inguruko mahastizainik errespetatuena eta preziatuena dela diote. Hamalau urterekin hasi zen lanean mahastietan, eta esan dezakegu haren lana hiru printzipiotan oinarritzen dela: errendimenduen murrizketa zorrotzak, lur zati bakoitzaren ezagutza sakona eta, beraz, zati bakoitzak bere izaera islatzeko duen gaitasuna, eta, betiere, mahastitik bertatik ez datozen legamiak erabili gabe, Daguenau eta Jolyren antzera Bossardek ere biodinamika du oinarri bere lanean.

Mahastiak 21 hektareako eremuan daude, eta mahats zuria baino ez dago.

Mahats bilketak oso goiztiarrak izaten dira, eta eskuz egiten dira beti.

Hartzidura lurpeko upel handietan egiten denez, tenperaturaren kontrola modu naturalean gertatzen da.

Sei ardo dituzte, baina hiruri erreparatuko diegu gaur, eta barkatuko didazue aukeraketan mineraltasunarekin dudan obsesioa sumatzen baduzue: Expression Gneiss, Expression d´Orthogneiss eta Expression Granite.

Lehenengoa lau hektareako mahasti bateko mahatsekin egindakoa da. Lurrazal arinak eta zorupea gneis materialekoa; hortik izena, arbelaren egituraren antzekoa eta konposizioz granitoaren antza duena. Haren ligekin, ontze prozesua 8 hilabetez luzatzen da. Mineraltasun izugarria eta gorputz bikaina ahoan.

Expression d´Orthogneiss-ek bi hektareako mahasti batean du jatorria. Lurrak sakonak eta pikortsuak dira, eta zorupea orthogneissekoak dira, gneiss primarioak hain zuzen. Hamar hilabete irauten du ontze prozesua. Oso fina, minerala eta ahoan oso garbia, gardena...

Expression de Granite egiteko erabiltzen diren mahastietako lurrak harritsuak dira, eta zorupeak mika eta granitozkoak. Hamabost hilabeteko ontzea eskatzen du, eta esango nuke honako hauek dituela ezaugarririk azpimarragarrienak: sudurrean konplexutasuna, ahoanmineraltasuna, eta amaiera luzea bezain bikaina.

Eta arestian esan bezala, poltsikoari gehiegi erasan gabe lortzeko modukoak dira hirurak ere. Ez dago gaizki, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.