Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Gordinkeriak

2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Carne cruda. RN3en zegoen musika saiorik alternatiboena, kritikoena, ausartena, ludikoena eta landuena utzi dute kanpoan. Javier Gallego zen haren arduraduna, egunero (14:00-15:00). Garestia, kamikazea, sentsazionalista, polemikoa, irrati piraten estilokoa omen zen saioa, PPk izendatu berri duen Tomas Fernando Flores zuzendariak adierazi duenez. Kaleratze ideologikoa izanaren kiratsa hartzen du gertaerak. Javier Gallegok bere soldata kaskarra azalduz garesti izatearen arrazoia ukatu ostean, adierazi du RTVEn azkenaldian nagusi direla purgak, zentsurak eta informazio kontsignak. Merezi du entzutea (podcast-a sarean topa daiteke) Gallegok Fermin Muguruzarekin 2011ko azaroan egin zuen ordubeteko saioa; ariketa hori eginez gero, aisa uler daiteke Gallegok nola prestatzen eta orrazten zuen saio bakoitza, estatuan hainbatek Carne Cruda zergatik hartzen zuten espazio alternatibo bakanetakotzat irrati-telebista ofizialean eta, noski, zergatik kendu duten uhinetatik.

Nafarroan, gordin. Euskalerria Irratiak programazio berri bati ekingo dio, entzuleen baimenarekin. Mikel Bujandarekin hasiko da albistegia, eta Juan Kruz Lakastak eta Pello Argiñarenak berreskuratu duten Metropoli Forala magazinarekin egingo diote kosk eguneroko gordinari, ohiko estilo ironiko eta zirikatzailea erabiliz. Arratsaldea, berriz, eskarmentua pilatua daukan Reyes Ilintxeta esatariaren bizkar jarriko da. Azaroan ekingo diote 25. urteurrenari begirako ospakizunei irratian, baina jada hasiak dira mihiak zorrozten.

Iruzurtia. Zerk du lehentasuna, krisia gainditzeak ala independentzia lortzeak? Galdera horrekin piztu nahi izan zuen eztabaida Boulevard saioak ostiralean. Galdera egokia izan liteke, EITBk historikoki iskin egin izan dion burujabetzaren gaia pizteko balio dezakeen neurrian; alabaina, bat ala bestea planteatu nahi bada, iruzurra dakar berarekin. Zergatik ez galdetu, esaterako, zerk daukan lehentasuna, nork bere etxeko ekonomia konpontzeak ala krisia gainditzeak? Lurdes Perez, Pedro Ugarte eta Mariano Ferrer tertuliakideei ez zitzaien oso eroso igarri galdera toreatzerakoan. Kontrakoa gertatu zen entzule deitzaileekin; horien iritziek deitu ez genuenon iritzia ordezkatuko balute, ondoriozta dezakegu REko entzulegoa krisiaz ez ezik burujabetzaz ere hitz egiteko gogoz dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.