Guri geuri gertatzen zaigu gaur: gero eta gehiago grabatzen dugula portable segapoto mugikorrarekin, eta gutxiago, nabarmen gutxiago, argazki kamera tradizionalagoekin, zer esanik ez bideo kamera arkaikoekin —nahiz izan azken belaunaldiko digital horietarik—. Gertatzen zaigu gaur ebento ospetsu batean gaudelarik, nahiz lagunarte aspertzeraino errepikatuan, xehetasun nimiñoena ere jaso behar dugula hainbat gigadun txipean; bideorik gabe ezin izango bagenu bezala memoria egin, bideoa balitz bezala ahanzturatik salbatuko gaituen dokumentu bakarra. Hartara, guztiok gara, gutxiago edo gehiago, bideo egile, bideo sortzaile, bideo kreatzaile, urrezko minuturen bat akaso gordeko duen minutuz betetako zabor pila baten hobendun. Barkatu didazue autopropaganda infinitesimala —baina barkamena eskatuta autopropaganda onartzen dela dirudienez, aurrera—: Kafea eta galletak forumeko kideek argitaratu berri duten Kafe aleak liburuari —ezagutuko duzue, mainstream da jada: 121 pertsona ari dira 121 diskoren gainean— eskaini diote azken Sakelakotik saioa, Hamaika telebistan, joan den astean —asteazkenero eman ohi dute, 20:00 bueltan—. Eta emanaldi horrek berritu dit saioaz hitz egiteko gogoa; baina izan ditu gehiago ere, berdin txukun askoak: gogoan daukat Kukutza defuntuari eskainitako bat, adibidez, lehenetarikoa. Kontzepzio soila du, portable segapoto mugikor batekin hartutako irudiak pasatzen dira, muntaia minimoarekin, subjektu jakin baten inguruan, «gure gertuko mundua» erakusteko asmoz; edonork bidal dezake bere istorioa. Eta ez da gisa horretako lehen esperientzia; oroitzen naiz ETB3n Puntukam izeneko saio bat ematen zutela. Zerbait kontatzeko gogoa izanez gero, proposamena bidali, eta kamera bat uzten zizuten. A, baina bideokamera arkaiko bat zen orduan —nahiz izan azken belaunaldiko digital horietarik—.
Eta uste dut ez geniokeela uko egin behar bereizmen handiari, plano finkoari, ikus-entzunezko patxadari. Baina pentsa dezagun une batez: garai batetik hona gertakari garrantzitsu ugari, gero eta gehiago, jaso izan ditugu portable segapoto mugikorretik. Gogoratu bestela Sadam edo Gaddafi; azkena —dagoeneko azken-aurrekoa— hainbat polizia munizipal Bilbon beltz bat, beltz izate soilagatik, kolpeka identifikatzen. Eta hori ere guri geuri gertatzen zaigu gaur.
Komunikazioa. Ekografiak
Guri geuri gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu