Oraintxe ohartu naiz akats historikoaz: gaur arte idatzi ditudan Ekografia guztiak kontuan hartuta, eta 204 izan dira, bakar batean ere ez dut aipatu Azpimarra saioa. Ez daukat hori zuritzeko aitzakia sinesgarririk; besteak beste, ETBk aktualitateari eskaintzen dion tarterik serioenetakoa iruditzen baitzait. Maddalen Iriartek txukun gidatzen du saioa, eta sarri dira interesgarri bertan eztabaidatzen direnak, are eztabaidatzeko modua bera ere, arretatsua, barea, informatzeko helburuarekin. Eta badira gustura asko entzuten diren solaskideak, belarrietan min ematen dutenak badiren bezala. Baina kontu jakinak esaten ari naiz orain, zer esango dizuet Azpimarra-z jadanik ez dakizuenik.
Noan harira. Gaur hemen lehen aldiz Azpimarra saioa aipatzen badut, aipatzen dut txukun landu duelako asteon Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen inguruan hartutako erabakiei buruz sortu den polemika. Asteartean bertan eman zuten berria, eta solaskideen artean ibili zuten gaia —Eider Alkorta bakarrik aritu zen ondo; niri bakarrik iruditu zitzaidan Laura Garridok eta Garbiñe Mendizabalek ez zutela eztabaidatzeko mailarik ematen?—. Eta asteazkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia elkarrizketatu zuten, Zigor Etxeburua, eta aukera eman zioten hartutako erabakiak behar bezala azaltzeko.
Eskertzen da, histeriko jarri direlako batzuk: faxista omen da aldundiaren jarrera UPDko Gorka Maneirorentzat; nazien parekoa PPko Antonio Basagoitirentzat; inposizioa EAJko Markel Olanorentzat. Grazia egiten dit. Maneirok ez, Maneirok auzo lotsa; baina Basagoitik, adibidez; judu bilakatzen ei dira hala gaztelania hiztunak, hots, jazarriak. Euskaldunak ere bai, hartara, nekez aurkituko baitugu gaztelania hiztun ez den euskaldunik Hego Euskal Herrian. Eta, Olano jaunari galdera bat egingo nioke: inposizioa al da gustuko ez dugun erabaki oro? Inposizioa al zen aldundiaren orain arteko hizkuntza eredua? Noizbait erabakiko zuten eredu hori ere, edo lege naturalen araberakoa da? Ja, baina gehiengoa ez dago ados oraingo erabakiekin. Gehiengoa? Nik dakidala gobernu da aldundia.
Idurre Eskisabel baino inuzenteagoa naiz ni kasu honetan: gutxiagotasun konplexuaren eta otzantasunaren ondorio dira erreakziook; bai eta hauteskundeetan boto batzuk irabazteko euskaraz baliatzearen ondorio ere.
Komunikazioa. Ekografiak
Gutxitasuna, otzantasuna eta euskaraz baliatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu