Ser, kateatuta. Urak oso nahastuta datoz SER katean, aspaldiko urtetako entzuleei lotutako lidergoari eusten dion arren (4 milioi entzule egunero). Iazko urrian 150 langile kalean geratu ziren. Egunotan, beste 200 langile lanik gabe utziko lituzkeen erregulazio espedientea iragarri du zuzendaritzak, langile guztiei lan soldata %10 murriztearekin batera; iragarkietatik datorren diru iturria agortzen ari omen zaio urtez urte. SER kateak Espainiako estatu osoan dauzkan 414 emisoren inguruan plangintza zorrotza ezarriko dela ere eman da aditzera; Tutera, Tafalla (Nafarroa), Eibar eta Irungo (Gipuzkoa) emisora lokalak kolokan lirateke, gertukoei begira jarriz gero. Aldi berean, esatariei dagozkien aldaketa handiak ere jakinarazi dira irailerako; Pepa Bueno TVEko albistegietako aurkezlea fitxatu dute, Gemma Niergak eta biek goiz parteko Hoy por Hoy gida dezaten, Carles Francino arratsaldeko La Ventana-ra bidali eta gero. La Ventana 20:00ak arte luzatuko omen da, eta, beraz, programazio erregionala ere (EAE eta Nafarroa) ordu betez murriztuko da; lan gutxiago bertako kazetarientzat eta irrati eskaintza zentralistagoa entzuleontzat, alegia.
Langileak haserre. Irratian ez zaie antzematen, baina suminduta daude SER kateak estatuan dauzkan 414 emisoretako 1.400 langileak. Ulergaitza egiten zaie, esaterako, euren aurkako neurriak ezartzea batetik, eta aldi berean, kostu handiko kontratazio berri bat (Bueno) burutzea; Juan Luis Cebrian Prisa taldeko gurua ere kritiken jomugan jarri dute, iaz 8,2 milioi irabazi baitzituen dirutan eta akzioetan. Uztailaren 1erako greba iragarri dute (Eurokopako finaleko eguna), eta bien bitartean, albistegietan etxeko kazetarien izenak aipatu gabe jarraitzen dute. Zuzendaritzak langileei galarazi egin die euren protesten berri ematea uhinetan.
Erdi Maratoia. Handien arazorik ez sufritzea, horixe da larre motzean ohitutako txikien abantaila. Iruñeako Euskalerria Irratiak programazio berezia eskaini zuen herenegun goiz guztian, eta Peio Argiñarena, Juan Kruz Lakasta, Reyes Ilintxeta, Txari Eleta esatariek makina bat elkarrizketa egin zituzten. Irratigintza, euskarazko irratigintza, tokiko informazio kalitatezkoaren garrantzia izan zituzten hizpide eta leit motiva guztiek ere. Lau ordu horiek emandakoa, irratiko atariko podcastetan entzungai daukazue.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Handienen mixeriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu