Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Heriotzaren misiolari?

2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hitzak direla hitzak… apaizarenak bezala ahal bezalakoak? «Boz urte gezur urte», dio hemengo esaldi zaharrak: badugu garai honetan gogoaren asetzekorik, bistan da. Gure hamar lehendakarigaiek botatzen dute ausarki. Zein aukera? Gaurko buruak dio ezkerrak «Espainia emango digula ezkerrak» (eskerrik asko lioke Raxoi lagunak!), Frantzia zuzen, libre, indartsu, gurekin... hitzematen digute. Bere betaurreko berde borobilekin Eva bakarra da herri hizkuntzen sustatzaile eta jakobinismoaren aurka, ekologiako aukera nagusiekin. Batek Iraultza berri bat botereahartuz eskaintzen digu. Gure aberri ttipia aberri handiak jan ondoan liseritzeko arazoekin? Goitikoa ala beheitikoa, ez da erraza.

Hitz asko, eta guztiz interesgarriak ditugu ere astekari frantsesetan. Baina gogoeta zintzoen garaia al da hauteskundeena? Hala ere, nolako hitzak Jean Danielenak, erlijioez! Horiek hainbat gudaldi eta sarraskiren iturri eta bultzatzaile izan zirelarik eta direlarik, Jainko batean duten fedeak «behar lituzkeela unibertsaltasunaren bila lagundu ezberdintasunen kultu batera baino». Eskatzen du ere judu, kristau eta musulman intelektualek onar dezaten «monoteismotik sortu erlijioetako testu guztietan badirela estigmatizazioak, baztertzeak, kanporatzeak, hilketarako dei gisa uler daitezkeenak, eta batzuetan erailtzeko agindu gisa». Horren ostean, dioenaz, «erlijio mezuaren interpretapen komun batez adostu behar lukete». Bestela, zorigaitzezko mezu hau dio: «Heriotzaren misiolari geratuko dira, nahi edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.