Aurelia Arkotxa.
Maratila

Hiria

2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gure garaietan hiriak gero eta gehiago dira zabaltzen ari: «Ekonomia urbanoaren politikaren ezaugarri nagusiak direlarik kontsumismoa, turismoa, kulturaren eta jakitatearen inguruko industriak, aberatsenek bakarrik eskura dezaketen merkantzia bihurtua da hirietako biziaren kalitatea eta hiria bera» (David Harvey, 2011). Gaurko hirietan, «fragmentu fortifikatuak», «urrezko ghettoak» emendatzen ari. Gau eta egun begi elektronikoz zorrozki behatuak espazio publikoak. Hirien erdiguneak desorekatzen dira arkitektura plangintza berrien arabera. Auzo popularrak, «bobofikatzen» (bourgeois-bohème), «gentrifikatzen» (gentry) ikus ditzakegu. Bordeleko Saint-Michel auzoan edo Pariseko 20. eta 19. arrondizamenduetan (auzoetan) gertatzen dena edozein lekutan da gertatzen. Baiona ttipiko giroa ere emeki emeki aldatuz doala ageri da. Hirien erdiak ahalak dituztenei direla erreserbatuak nork uka? Besteak, ahal gutxiagoak dituztenak, xumeak, prekarietatean sartuak direnak gero eta urrun igorriak dira. Periferietara. Bizkitartean, hau ez da gaurkoa. Haussmannek Parise intra-muroseko karrika meharrak, etxe zaharrak bota zituen bizileku burgesez apaindu etorbide zabalen irekitzeko. Bide batez, Parise erdiko obreroak eta elementu erreboltariak kasatu ziren... Parise erdiko karrika hertsiak kenduz «barrikadetako gatazkak nekeago antola zitezkeen» Engelsek azpimarratu zuen bezala 1872an. Gaur, David Harvey antropologoak gogorarazten digu ehun urte baino gehiago behar izan zirela «Pariseko erdigunearen burgesteko…». Eta New-Yorken Robert Mosesek Bronxeko auzoa «xehatzeko makinan» pasatu zuela.Arrazoi berberengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.