Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Hitz lirainak

2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Entzuna nago ene bizitza laburrean nire kontrako hitz lirainik: esan izan didate matxista, misogino, elkarrizketa batean elkarrizketatuari emakumeen kontrako hainbat estereotipo desegiteko aukera eskura jartzeagatik. Andoni Egañak egiten zuen bertsolari gazteekin —erantzunak eskura jartzea, esan nahi dut—, eta, nik dakidala, ez zuten sekula horregatik kritikatu. Esan izan didate, halaber, espainol, batasuno, maritxu, zakil-zurrupatzaile, nahi izateagatik amak, arrebak, neska-lagunak, alabak, plazer duen emakume orok alegia, herriko jai nagusian normal parte hartzeko eskubidea izatea. Eta behin baino ez dut beldurrik pasatu, ezagun kuadrilla batek bakarrik ikusi, eta hitz lirainka hartu ninduen hartan; futbol taldeko kide batzuk ziren. Baina, zorionez, ez naute inoiz koman utzi, ez dizkidate barrabilak ostikatu, ez naute herritik lekutu, ez dut, gogoan dudala behintzat, lagunik galdu —ezagunak mordo bat; baina ezagunak zer egiten dira, desezagutu?—.

Alde horretatik, Jaizkibel konpainiako kideek ez dute Espainia aldeko zinegotzi haren inbidiarik zertan izan. Ezagun egin da: zinegotziaren borondatearen kontra, automaitasun ariketa bat erakusten duen bideo bat zabaldu dute. Eta hitz lirain askoak eskaini dizkio jendeak azken egunotan, emagaldu, urdanga, puta, kaskoan sartzen ez zaidan motibo bategatik. Eskandalizatu egin da progresia. Arrazoiarekin, bistan da. Baina Hondarribian ehunka emakume, gizon, haurrek bizi izan dute eskarnio publiko hori urteetan, 2012. honetan ere bai, eta hemen ez da ezer pasatzen. Ez da ezer pasatzen, zerbait pasatzen denean ere ez baita ezer pasatzen.

Eta ez nuen Hondarribiko Alardeaz hitz egiteko inolako asmorik. Baina gero eta gutxiago ulertzen dut gertatzen dena: nola herritarrek hartzen dituzten herrikideak hitz hain lirainekin; nola onartzen den performance hain plastikoa; nola den kapaz Ertzaintza haurrez betetako jende talde bat bortizkeriarekin tratatzeko; nola ETB1eko albistegiak 16. minutuan ematen duen Alardearen berri eguerdian, nola ematen duen 13. minutuan arratsean, nola esaten duten arratseko albistegian —istiluak gertatu eta ordu batzuetara— ez dela istilurik izan; nola jarraitzen duen gatazka txoro honek; nola denon artean ez dugun bukatzen edozein herritarren lotsa beharko lukeen zentzugabekeria hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.