Mike eta Sue anai-arreba txikiak Hego Afrikako hiri zaratatsu eta ustez arriskutsu batean jaio ziren. Gurasoek, bere garaian Ingalaterratik eta Herbehereetatik joandakoen seme-alabak, ez zuten nahi euren txikiak giro itsusi hartan hezi eta haztea, eta, hartarako, arbasoek atzean utzitako Europarantz itzultzea erabaki zuten. Bizimodu erraz eta eroso baten bila.
Senarrak jaioterrian lanpostu ona zuen; beraz, askoz hobea izango zen kontinente zaharrean topatuko zuena. Bila zebilela eskaintzarik onena non aurkituko eta, tira, haientzako erabat berri eta ezezaguna zen lurralde batean. Gure herrian.
Espainian zeudela konbentzituta, hura ezustekoa umeak eskolara bidali eta bat-batean munduko hizkuntzarik arrotzena ikasi beharrean aurkitu zirenean. Hasieran, eskualdeko dialektoa izango zela pentsatu zuten, baina nahikoa izan ziren bi irtenaldi parkera, lau erosketa eta gurasoen bilera parea, non zeuden jakin eta onartzeko. Umeok herrian erabat egokituta, lagun pila dute, kultura bat, eta ezin euskara hobea. Santomasak, Gabonak, Santa Ageda, Inauteriak, Sanjuanak eta herriko jaiak barnetik bizitzen hasi orduko, ordea, gurasoek aukera hobea topatu berri omen dute euren txikientzat. Bai, Madrilgo herri pijo batera doaz bizitzera. Txaleta, igerilekua, eskola ingelesa… Jakina, bizi-maila horrela neurtzen badute. Orain, aio Euskal Herria, akabo euskara, agur betiko June, Ander eta Iraitz, eta gora goizeko baked beans eta saltxitxak.
Tira, gurasoek hala jarraituz gero, auskalo gizajoek ez ote duten Papua Ginea Berriko erkidegoren bateko keinuen hizkuntza erabiltzen bukatuko!
Maratila
Hona eta hara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu