Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Ia lortu dute helburua

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldia da, Tolosako babarrunaren astearekin batera, Euskal Herrian antolatzen diren gertaera soziokulturalen artean osoki ezin bizitzeak amorru gehien ematen didana. Ahal izan dudan guztietan, ahal izan dudan gehien joan izan naiz; urte batzuetan, eta patrikak planto egiten zuen arte, hatzekin kontatu ezinezko pelikula pila ikusteraino. Bizitzako etaparen arabera, gainera, ez da berdin kontsumitzen zinema. Eta orain justu ari naizela berreskuratzen pelikulak ikusteko afizio gordea, amorru handiagoa ematen dit Zinemaldia ezin zainetatik sartzea. Haneke, Ozon, Assayas, tira, horiek aurrerago ere ikusi ahal izango dira zinema areto komertzialetan. Baina betirako desagertuko diren film ezezagunak ez ikusteak ematen dit pena pixka bat. Faltan izango ditut, lo egiteko pastilla gisa besterik ez bada.

Kontsolamendu bakarra dugu Zinemaldira joan nahi eta ezina ase beharrean gaudenok: telebista. Hainbat katek eskainiko diote arreta berezia egunotan Donostian gertatuko denari. Luze gabe, ETB1 eta La2 kateek zuzenean eman zuten bart arratsean hasiera ekitaldia. Eta bereziki zainduko du ETBk Zinemaldiaren estaldura, albistegien edizio guztietan jasoz bertako notizia garrantzitsuenak. Hamaika eta Berria telebistetako lagunek ere saio propio bat sortu dute, 11:30etik aurrera berripaperaren webgunean ikus daitekeena, eta 22:00etatik Hamaikaren seinalean. Atzo eman zuten lehena, eta txukuna da oso. Zinemaldi@n izena du Inaxio Esnaolak eta Urtzi Urkizuk gidatzen duten tarteak. Estreinakoan Maialen Beloki Zinemaldiko hautaketa batzordeko kidea elkarrizketatu zuten, baita Ramon Agirre aktorea ere. Gero, George Franju zinemagilearen soslaia eman zuten, eta Gontzal Agote kritikariak Arbitrage filma larrutu zuen. Eta Zinemalditik kanpo geratu diren filmekin erreportaje ttiki bat osatu zuten, Angel Amigo eta Eneko Olasagastiren hitzekin. Ez zen nahastu Olasagasti esan zuenean Jose Luis Rebordinos beldurtu egin dela, ez duela nahi izan La pelota vasca-ren bigarren atal bat bizi. Eta lastima da kontuokin zikintzea Donostiako Zinemaldia:zer behar zegoen, zer eragozpen,Memorias de un conspirador eta Barrura begiratzeko leihoak programazioan sartzeko? Zinemaldira joan ezin garenon amorrua baretzeagatik izan bada, behintzat, ez dute lortu helburua, baina ia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.