Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Igoera eta erorikoa

2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Badut betidanik asturu txar batek jarraitzen didan sentipena: sekula ez nago behar den tokian. Gertatzen zitzaidan futbol partidetan, baina, batez ere, gertakari historikoekin daukat arantza. Ez nuen —arrazoi biologikoengatik— gizakiaren ilargiratzea ikusteko aukerarik izan; Berlingo Murrua erori eta hogei urtera ikusi nuen estreinakoz; eta uste dut lo nengoela Patxi Lopezek lehendakari kargua hartu zuen egunean. Horrexegatik neukan irrika berezia Felix Baumgartner austriarraren jauziarekin; ikusi behar nuen, kosta ahala kosta bizi nahi nuen momentu historiko hori—edari energetiko batek egoki babestua—. Horregatik eta 20 euro jokatu nizkiolako lagun bati, baietz Baumgartnerrek lur hartu, baina ezetz onik.

Ikusi beharrekoa zen, hortaz, igoera eta erorikoa. Pentsa, lau ziren haustera zihoazen errekorrak: globo batekin inork altuen eginiko bidaia, erorketa libre iraunkorrena, gizaki batek inoiz altuera handienetik eginiko jauzia, eta hotsaren lastertasuna laguntza mekanikorik gabe lehen aldiz haustea. Ufa. Lehen saio bat egin nahi izan zuten gaur zortzi, baina, antza, haizea altxatu zen han goian. S definitiboa, igandean izan zen —ez zuten gaizki aukeratu eguna, futbolik gabeko asteburuan—. Teledeporte-n ikusi nuen oso-osorik.

Luze, oso luze joan zen goranzko bidaia —Baumgartner berak momenturen batean lo kuluxka egiten zuela iruditu zitzaidan—. Narrazio lo eragilea dentista baten itxarongelako —hots, heriotzaren atariko— hari musikalak laguntzen zuen. Tentsioa murtxikatzen zen airean —edo estratosferan, edo nik dakit non—. Azkenik, bi ordu eta erdi luzeren ondoren, gora ta gora, 39 kilometroko altueratik, jauzi egin zuen paraxutistak: 5 minutu eskaseko erorketa —eskerrak ez ninduen komunean harrapatu—. Mexiko Berriko lurra besarkatu zuen, muga pasatzean larrua gorde duen etorkina balitz bezala. Eta horrela bukatu zen igande gogoangarri, ahaztezin, ia perfektua —galdutako 20 euroengatik ez balitz—.

Baumgartnerren saltoarekin jada beteta daukat aste honetarako egun historikoen kuota. Baina igandekoa izan daiteke beste egun historiko bat, sondeo guztien sorpresarako, eta euskal pop banda mainstream batek aurreikusi bezala, Partido Humanistak irabazten baditu Jaurlaritzarako hauteskundeak. Telebista aurrean izango naiz, badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.