Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Independentzia telebistan ikusten da

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Urteak ez ditu mundu guztiak berdin betetzen. Pertsonen artean begi bistakoa da, baina telebistan ere gauza bertsua gertatzen da. Urte guztiak ez dira berdin, urtemuga guztiak dira diferente. ETB3 kateak, luze gabe, lau urtetxo bete zituen asteazkenean, eta ETB3k lau urte saio bereziarekin gogoratu nahi izan zuten. Tira, eskuzabalegia da gogoratu aditza, gauez eta kasik azpikeriaz eman baitzuten saioa; nahi baina nahi ez balute bezala. Eta ez zen beste munduko ezer, baina balio izan zuen ikusteko lau urte eskasetan nola zahartu zaigun hirugarren katea.

EITBko buru batek esango dizu ez zegoela kate kultural bat egiteko proiekturik, ideia diferenteak biltzen zituen saski-naski bat zegoela. Eta pentsatu zutela —zorionak!— onena ETB3 haurrentzako euskarazko kate gisa egonkortzea izango zela, eta gaueko tartea gazteentzako kultur programazioari eskaintzea. Eta esango dizu gainera aukera egokia izan dela. Ados, ez daukat nik euskarazko haurrentzako kate bat egotearen aurka ezer. Are gehiago, oso ondo iruditzen zait haurrentzako euskarazko kate bat egotea —baina haurrentzako euskarazko kate bat, eta ez egun osoz Doraemon—. Baina orduan ondo ulertzen ez dudana da zergatik katearen laugarren urtemugari eskaintzen diozun saio berezian apenas aipatzen den haur-gaztetxoentzako saiorik, eta bai, ordea, BURP, Martina, Teknopolis eta antzerakorik. Zergatik aipatzen dira bideoklipak, kontzertuak, dokumentalak, animazioa, filmak? Zergatik aipatzen da Zinemateka, Koldo Almandoz eta Angel Aldarondoren irudi nostalgikoak emanez? Zergatik aipatzen da Santi Leonek gustuko lukeen Gora Gorea? Bada Sautrela aipatzen den motibo beragatik —ETBko buru berak esango dizu Sautrela bueltatuko dela, berandu baino lehen—: saio horiek guztiek osatzen zutelako ETB3 izena zuen kate kulturalaren proiektua, gaur egunean hilotz ibiltari dena.

Baina lasai, ez dezagun kontzientzia gehiegi aztora. Independente izango diren katalanek ere ez dute izango kate kulturalik. Orain bi egunera arte bazuten, ez proiektua, kate sendoa baizik. Hemen esan genuen: haurrentzako katearekin fusionatu dute, eta 21:30etik aurrera baino ez dabil orain. Eta kontzientzia lasaiago izan dezagun, han ere ez dute protestarik egin. Agerkari baten lelo argia parafraseatuz: independentzia telebistan ere ikusten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.