Ane Muñoz.
Maratila

Inspirazioa airean

2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Izaten dira garai batzuk nekeagatik, lanagatik, buruko txoriek halako batean eragiten diguten logikarekiko urruntze mental horietakoren batengatik, alferkeriagatik edo auskalo ez dakit zer dela-eta idazteko deus interesgarririk bururatzea ia ezinezko bihurtzen dena guretzat, zutabegileontzat. Lerro gutxitan istorio bat. Anekdota bat. Pasadizo bat...

Zaila da halakoetan inspirazioa inondik ateratzea, eta orduan, gure blokeoa alboan dugunari kontatzen diogu: zera, ostiralak ustekabean harrapatu nau, berriro. Ama, Maratila!

«Ba, zaborren inguruan badago zeresan handia», batek bota dit, goizean. Aireportuko pista ere ez omen dute luzatuko... «Eta Frantziako ospitaleetan gertatzen ari dena salatuko bazenu?». Ein? Munduan zer berri den askorik ez dakidala aitortu behar izan diet batzuei eta besteei. Despistatuta nagoela eta burua airean dudala, aizue. Eta burua airean dudanez geroztik, egunotan gorantz begiratzen dut, batik bat. Bada, gorantz begira nengoen horietako batean, gaur bertan, hara, txori bati erreparatu diot. Txori txiki ederra zen, eta ezeroso zirudien, zeharo galduta. Orduan konturatu naiz mokoan zizare pare bat zeramala zintzilik. Haren mugimenduei jarraitu diet minutu batzuez, eta berehala harrapatu dut zertara zetorren gugana hurbildu nahi hori. Jakina, haren etxea, habia goxo eta epel bat, alboan geneukan eta. Ondo-ondoan, buru gainean. Habian, lau txita, amaren janariaren zain, gosez, txio-txioka. Eta guk, bitartean, lana gora lana behera, beti bezala isiltasun eske, txoriok uxatu eta berriro uxatu... eta euren egunerokotasuna gupidarik gabe errotik moztu eta berriro moztu. Halakoak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.