gorka julio
Komunikazioa. Ekografiak

Instagram

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Instagram (http://instagr.am) sakelakoaren bidez ateratako argazkiak partekatzeko eta moldatzeko tresna bat da; sare sozial bat. Irudi bat atera, iragazki batzuk aplikatu, eta zas! Argazkiak orbanak, zuri-beltza, zahar itxura... izango du. Zure sarearekin partekatu, eta beste sare sozialetan ere zabal dezakezu.

Aldaketa handia ez badirudi ere, azkenaldian jende askok instalatu eta erabiltzen duen aplikazioa da Instagram. Hasieran diseinu eta argazkigintza munduan soilik erabiltzen zen aplikazio eta zerbitzu bat bazen ere, azkenaldian zabaldu eta orokortu egin da. Batez ere, Android sistema eragilea erabiltzen duten sakelakoentzako aplikazioa atera denean. Facebookek berak 1.000 milioi dolarren truke erosi du aplikazioa. Aplikazioa ondo eginda dago, itxurosoa eta dibertigarria da, baina zergatik ordaindu dirutza hori horrengatik?

Alde batetik, erabiltzaile kopurua dago. Facebookek horixe du jomuga. Batez ere, ondoren espazio publizitarioentzako lekua beharko baitu. Haren hazkunde erritmoa ere gelditu da; jende asko aspertu da, eta beste batzuek Whatsapp eta gisako aplikazioetan lehen Facebooken egiten zutena egiteko aukera ikusi dute. Testuinguru horretan, Facebookek erabiltzaile berriak bereganatzeko aukera ona ikusi du.

Hortik aurrera zentzurik badu honek guztiak? Nire ustez ez! Asko izango dira erabiltzen duten pertsonak, baina niretzat ez du interes berezirik. Berdina edo antzekoa egiten duten tresna asko dago: PicPlz, MyTubo, Vignette... Honek arrakasta izan du, baina besterik ez. Photoshop zaharrarekin egiten genituen muntatzeak orain sakelakoaren bidez egiteko aukera niri ez zait gehiegi interesatzen, dibertimendutik haratago.

Gehiago harritzen nau fenomeno honek jendearengan sortzen duen irrazionaltasunik ezak. Irreflexio asko dago besteek erabiltzen dutelako instalatu eta erabiltzen hasten diren pertsona horien artean. Esperimentatzea beti dago ondo, baina tresna bat erabiltzen jarraitzeko behar duzun pentsatzea ere garrantzitsua da.

Baina ez al da hausnarketa falta hau askotan gertatzen? Bai, eta ezinbestekoa da, horixe baita gauza berriak egitera ausartzeko aukera ematen diguna. Gauza kritikoetan ez baldin bada, horrek esperientzia jasotzeko balio du, baina zeinek sartu nahi ditu bigarren aldiz behatzak entxufean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.