santi leone
Maratila

Irudimena

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Zoriontsu nintzen azken bolada honetan, ekidistantea nintzelakoan. Moderatua. Orekatua. Halere, orekak, nondik begiratzen zaion, ez du gauza onik. Juan Huarte de San Juan-ek, adibidez, hazia isurtzeko mementoan eskuinera lerratzeko gomendatzen du, baldin eta gure haurra mutikoa izatea nahi badugu.

Gaur goizean, Rammstein aditu bitartean («mich interessiert kein Gleichgewicht») bizarra egiten ari nintzelarik, barnean daramadan espainolazoak maltzurki begiratu dit komuneko ispilutik. Ez diot traza onik hartu egoerari. Sarrixeago, Interneten sartu eta jakin dut jakin beharrekoa: Navarra Confidencial muturreko zentroko agerkari digitalak bere heroi intelektuala izendatu nau.

Joan den astean, Euskal Herri imajinarioaz mintzatu nintzen erdal egunkari batean, eta ezin kontentago dabiltza gure eskuindarrak nire tesi horrekin. Kostata (ideia hori duela bortz urte plazaratu bainuen), baina hondarrekoz lortu dut: armairutik atera naiz.

Nire barneko espainolazoak xaxatuta, goiz osoa eman dut telefonoaren ondoan, dirua eta fama ekarriko dizkidan deiaren zain. Adio, BERRIA; so long, Argia; adieu, Euskalerria Irratia. Santik edo Yolandak edo Robertok deitu bezain fite, banoa.

Azkenean, Nieves Cipresek hots egin dit, Derecha navarra y española («Naparra ta Españico escuñe» euskaraz [sic]) alderdikoak, eta ezetz, ez nautela nahi erran dit. Irudimentsuegia naizela. Eta, Adornok azpimarratu bezala, gauzak dauden bezala egote hutsa gauzak ongi dauden seinale da nortasun autoritarioarendako.

Nafarroako historian, beraz, imajinaziorik ez, esker mila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.