Maratila
Itzultze 2
Sorbonan 1924ko urtarrilaren 9an, Lacombek bere ikasgai programa aurkezten du. Hamar ikasgai. Gaia: euskararen izaera, euskalki ezberdinetan idatzi testuak oinarritzat hartuz euskararen «ideia globalaren» emateko gisan. Aurkezpenean, testuen hautatzeko ukan dituen buru hausteak ageri dira. Lehenik, testuen garaia mugatu behar izan duelako. Testu zaharrak baztertuz (16. mendeko testuetan den euskara garaiko hiztunari urrunegi zaiolako, dio). Testu garaikideak berdin apartatuz («lekuen araberako mintzatze molde ugaritan puskatua delako [testu horien euskara]», dio). Eta tokian tokiko mintzatze ezberdinen konparatzea «arriskutsuegia» (trop aventureux) zaiolako. Bigarrenik, zer testu mota hautatu behar izan duelako. Haren ustez itzulpenak dira egokienak. Nahiz «gogoaren kontra» (la mort dans l'âme) egin behar izan duen hautu hori. « Pixka bat artifizialak » zaizkiolako itzulpenak. Zergatik? « ... hizkuntza baliatua izateko egina delako, eta ez beste hizkuntza arrotz baten interpretetzaterabilia izateko» (…car une langue est faite avant tout pour qu'on s'en serve et non pour servir d'interprète à une autre langue.). Beraz, Louis Lucien Bonapartek eginarazi itzulpenetan egitea hautaketa duela erabaki, dio. Eta Salomonen Kantiketako Kantika ideala iruditu zaiola. Aski luzea hamar ikasgaiendako. Eguneroko mintza moldez hornitua. Euskalki anitzetara itzulia. Nahiz Kantikaren «zenbait hitz, dudarik gabe, euskarara ezin itzuliak diren» (à l'exclusion de quelques mots évidemment intraduisibles en basque).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu