Ane Muñoz.
Maratila

Izan nintzenaz

2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Mundua hankaz gora daukagun bitartean, negua aurrera eta krisia ate-joka, guk hor segitzen dugu, tinko, gure urteko ospakizun sakratuei ekin eta ekin, bat bera hutsik egin gabe. Nolakoak garen, aizue. Eguberri luze haietako azken kabalgatak jaso orduko, Danborrada iritsi zen. Eman genion gogor danborrari, dinbi danba porronponpon, eta handik gutxira, Santa Ageda bezpera, oi, Euskal Herriko egunaaa…

Hura gainditu berria, berriz, bagatoz hainbat tokitan gure-gureak diren derrigorrezko inauteriak ospatzera. Eta berriro mozorrotzera, jope!

Bere garaian hiru txerrikumeetako bat izan nintzen, maitagarri surrealista, frantziar iraultzako emakume txiroa, zaldi marroia, beltz potolo zunbona, indio apatxea, erroskilla saltzailea… eta azken urteetan, mozorrotzea atsegin ez dudala argi utzita, nire ilearen kolore bera duen ileordeko luze eta flekilloduna besterik ez dut ipintzen, beti bera, inauterizaleek ez nazaten arraro ikusi. «Hara zozo hau, baina zu zertaz zoaz?». Ba, gauzak dauden bezala, eta aurten ere halabeharrez mozorrotu behar badut, orain arteko nire bizimodua adierazten duen pertsona hartaz jantzita joango naiz, akaso. Lanean jo eta ke diharduenarena eginez, liburuak, apunteak, boliak, kronometroa eta kamera txiki bat gainean, ile apaindegitik irten berriaren itxura emango duen ileordekoa buruan, txartela eta 50 euroko billete eder bat sakelan, eta, horrekin guztiarekin, beharbada, nahikoa mozorrotuta sentituko naiz. Azken finean, unean ez zarenaz janztea baita mozorrotzea, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.