Izenetan, nik Jan Battitt nuen gustuko; hondarrean, ordea, Manex paratu genion gure umeari, eta izen sinple horrek erdaldunen eta erdipurdiko zenbait euskaldunen ahoan zenbat aldaera izan dituen ikusita (Maneks, Manetx, Manel, Mané, Manes, are Maddox —behin ez bazen ere—), pozten naiz nire gogoko bertze hura hautatu ez izanaz. Hura hartzera, Hegoaldean exotismoaren gailurra joko genuen.
Beharbada, problema da aipatutakoak franko deitura tradizionalak direla eta izendegia aldatzen edo zabaltzen hasi beharko genukeela. Nik ez nuke Ramegante (mutila) / Ramegantea (neska) baztertuko, ezta horien balizko aldaera ederrak ere (Ramegantzol, Ramegakine). Euskal belaunaldi berri ramegante baten adierazpena izan litezke izen horiek. Bistan baita garai berriek izen berriak eskatzen dituztela, eta kutsu katolikokoen ordez (Nekane, Igone...), krisi garai honetako gure aldarrikapenak islatuko lituzkeen izenak behar genituzkeela. Konparaziorako, Zubiñe, urtean zehar izaten ditugu ustekabeko bakantza horien beharra nabarmenduko lukeena. Edo Sindika (txikigarria, Sinddika), desprestigio kanpaina sufritzen ari diren langile erakundeen aldekoa. Edo Grebaskatasuna (txikigarria, Grebaska edo Grebaxka), murriztu nahian dabiltzan eskubide horren oroigarri.
Egoki legoke, gure nomenklatura berrian, zenbait filosofo omentzea. Bat bertzerik ez aipatze aldera, Zizeko (mutila) / Zizeka (neska) parea hor genuke (txikigarriak, Xixeko / Xixeka). Hori bai, izen horrekin umea intelektuala izatera kondenatuko genuke, eta, apika, zenbait problema izatera ligatzeko tenorean.
Maratila
Izendegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu