Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Kantatzen duen herri bat

2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Izan ere, zeinen bihozgabeak garen ETBren kulturarenganako errespetua eta mira eta zaintza inoiz edo behin zalantzan jarri izan dugunok: etxeko literatur saioaren defuntzio akta sinatu eta aste bakarrera bete dute hutsune kultural ia erreparaezina. Horri esaten zaio azkar erantzutea, horri erreflexu ezin hobeak erakustea, horri beste etxe batzuei etsenplu ematea. ETBko buru jaun-andreok, zorionak. Besterik ez bada gizabanako hau zoriontsu egin duzue Kantuan saioa estreinatuta.

Kantuan da, izenburu ezin egokiagoak argi dioen moduan, hainbat jendek hainbat abesti kantatzen duen saio bat. Gehixeago zehaztearren —jende diferente askoak abesti diferente askoak modu diferente askotan kanta baititzake—, esan dezagun ustez ezezaguna den jendeak ustez ezagunak diren abestiak kantatzen dituela lehiaketa ez den lehiaketa moduko batean. Azalduko dut: jende ezezaguna da saiora ekartzen dutena, talentu berriak, musikaren mundua aldatuko duten deskubrimendu kasik miragarriak —nahiz eta bat baino gehiago birziklatuak diren; Egan eta Akelarreko auskalo zenbatgarren haragiztatzeko kantariak tartean daude—. Abesti ezagunak dira gero, horretan zalantzarik ez da. Ezagunak eta akitasuneraino errepikatuak. Eta berripaper honetan bada musikaz hitz egiteko ni baino jende askozaz kualifikatuagoa —bide batez, ezin galduzkoak dira ostegunetako Bi ahotsetara zutabeak—. Baina gauzatxo bat soilik: Euskal Abestiak —horrela, letra larriz— Kantuan-eko bigarren saioan agertu ziren horiek baldin badira —tartean, nola ez, Xalbadorren heriotzean—, ezabatu zerrendatik nire izena, mesedez, hementxe bertan jaitsiko naiz eta. Iruditzen zait ez dutela balio geure jendartean galtzen ari den —mahai bueltan, ardo errondan, dutxan ere bai— kantatzeko ohitura milenarioa berreskuratzen laguntzeko ere. Eta gero funtziorik gabeko epaimahai moduko bat dago, funtziorik ez duena, ez baita ezer epaitzen, egiten den kantu txukunenaren aipamen sinbolikoa kenduta —eskerrak, behintzat, The Sparteenseko Douglass ekarri zuten azken saioan, gaurko gazteen gustu eta ohitura makurrez ohartarazteko—.

Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko. Hala zioen momentuz Kantuan honetan agertu ez den abesti klasikoak. Bada, gauza batzuk ikusita, hilezkortasuna bera ere zalantzan jartzeko modukoa dela gehitu beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.