Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Kazetari

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako armadak lau soldadu gehiago galdu ditu ostiral honetan, eta zortzi larriki zaurituak. Abenduan bezala, afganiar armadako soldadu batek garbituak, omen, taliban izkutu batek. Hamar urteko sarraski tristeen bukaera ezinbestezkoa: 82 «morts pour la France»... eta horien gain, zenbat taliban edo zibilen heriotza beren ekintzetan?

Kazetariak bidaliz, komunikabide handiek eginbide premiazkoa kunplitzen dutela, aho beteka errepikatzen digute egun hauetan. Atzo ehortzi zuten Gilles Jacquier, bizia galdu zuena Siriako Homs hiri setiatuan. Herve Ghesquiere eta Stephane Taponier 547 egun bahituak egon ziren mendietan. Ezagunenak dira, eta besteak?

Afganistanen, Shahr-e-Golgola, Intzirien Ibarra deitu zuten 1221ean Gengis Khan buruzagiak bere gerra ekintzetan, hor, bere semea galdurik bazter guztiak suntsitu zituelarik, mendeku izugarrian, jende eta abereak erailez, harresiak botaz, landa guztiak errez...

Gerraren bideak aspaldi irekiak dira lurralde horretan; beren herria kanpotarretarik gerizatu nahiz ari direla argi da, nonbait. Eta non da hasierako aitzakia, emazteei beren «burka» kendu nahi zietela eta gizonen gisan eskolatu? Eta demokraziaren bideak non eraiki ote dituzte hamar urtez? Gerra guztiak bezala, hau ere ilunean bukatuko da, beste sarraski batzuei eskua luzatuz.

Kazetariek zer lagundu dute? Embedded, ia guztiak, Irakekoaz geroztik. Zenbaitzuek ofizio horri bere duintasuna atxiki diote; gutxik, hala ere. Egiak begiak urratzen baitiete boterean direnei; kazetariak preso, bahituak, erailak dira, gehiengoa morroi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.