Galiziako itsasertzeko bazter zoragarri batean nago —aurreko hamarkadan txapapote ustelak belztutako kostalde hondatu hartako herritxo batean—, amaitzear dauden oporrez gozatzen. Rias baixas, ze ederrak, baketsu, isil, lasai eta politak. Zorionez, ez dut galipot tzar haren arrastorik topatu. Haren ordez, egun, Atlantiko gardenaren korronteek eragindako apar zuri garbiek freskatzen dute hondartza amaigabe honen ertza.
Galiziara nentorrela eta, zorotzat hartu ninduten, hain txarra izango omen zen eguraldia. Euria, haize hotza... Nik, berriz, aire aldaketaren egarriz, kasurik ez. Zetozela euria eta kazkabarra ere! Eta zein oker zebiltzan, ene! Telebistan eguraldi itsusia iragartzen dirauten bitartean, galtza motzetan hondartzara jaitsi eta eguzkitan jartzen dut gorputza, goxo-goxo. Emaitza, beraz: Eguzkia, 6 — Euria, 1. Horra.
Iritsi nintzen egunean, nire herriko lagun batek deitu ninduen, lanpernetatik zetorrela eta eskukada bat gorde zidala, ederki daki-eta zenbat maite ditudan lanpernak. Ni, berriz, lanpernen mekan egonik, ezin nire aho eta estomakak hainbeste estimatzen duten jaki preziatua inon topatu. Ederra izan da, bai, lanperna operazioaren porrota. Merkatuan galdegin nuen, eta deus ez; inguruko hiru jatetxeetan lanpernen arrastorik ez; alboko herriko lagun bat hara eta hona ibili da, gizajoa, nire kapritxoa asetu nahian. Guztiak alferrik izan dira, gaur arte. Izan ere, hainbat jatetxetatik deitu bainaute, lortu dizkidatela esanez. Bitartean, alboko herriko lagunak ere kiloa topatu omen du, gizajoak. Eta ni bihar etxera, eskualdeko lanperna guztiak niri begira utzita!
Maratila
Kostata, lanpernak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu