Maratila
Kréyol (III)
Viard zubia trebesatzen dut. Zubipean, ura berdehoriska. Arbolak dirdiratzen urean. Zurezko etxe erdi erorien aurrean enpresa-kartel handiak Rénovation du parc floral de Port-de-France... Eta beherean, urdinean Europako izar horiak: Ce projet a été cofinancé par le fonds européen de développement régional... Urondotik noa, burdinazko zubi horia. Merkatu txikia hurbil. Usoak piko eta piko gelditzen diren fruituak jaten ari. Kakolen gainean pausatuak taulak. Hutsik. Lekutuak dira saltzaileak eta bezeroak. Nehor ez. Plastikozko estali beltzak edo urdinak baizik. Aimé Césaire parke kulturala hor da. Eta Césaire-ren erranaldia atarian: «…Esperantzaren alde naiz, baina konkistatua dudan esperantza, luzidoa, naif ikusmenetarik urrun den esperantza...». Saihetseko paretan izengabeko poesia norbaitek pintzel beltzez idatzia du: «Monari omentze... zuk, balorez eta fiertasunez betea zaren gizon beltz honek, zoriontsu nahi duzu izan, baina ez zaituztete ulertu, zorigaiztu zaituztete... Nehork sekulan ez du zure balorea deskribitzen ahalko...». Zaborrak metatuak daude atariko izkinean, eskuinetik. Zuhaitz handien itzalak. Lore gorriak. Afixa erdi urratuan irakurtzen dut Le procès du coq de Ti Sonson... Erdi utzia bezala dirudi parkeak baina ez, lekuko jendea badabila. Gazteak zizelatzen ari dira zura, ondoan. Clémenceau plaza. Général de Gaulle bulebarra. Justizia jauregia. Herriko Etxea. Hiriaren argazkia airekotik hartua nonbait: Léritaj Kiltirel Nou — Notre Patrimoine. Eta berriz Aimé Césaire-ren erranak enblemak bezala paretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu