Nutrizio alorreko jakintsuek diotenez, oso litekeena da, «krisiaren erruagatik» zopa eta eltzekariak maizago hartzera itzuli behar izatea, geroz eta krisi sakonagoan murgilduz doan Europa zahar ustel honetan. Lekale (dilista, baba, babarrun, txitxirio), barazki eta ogia bera ere gehiago kontsumitzen da aspalditxo honetan, arrain eta haragiaren lepotik, hauek baino merkeagoak direlako, batez ere, osasunari begira gabe. Horrela bada, koilarako hazkurria sartu da modan, sardexka eta labanarik gabe hartzen dena, antzinakoa, arrazionala.
Hori, batetik. Bestetik, elikadura erakundeetako adituen iritziz, krisi ekonomikoaren eraginez horrela elikatzeak ez du desnutrizio edo malnutriziorik ekarri, zorionez.
Geure bihurtu dugun aberats berri edo «zorri piztuen» jokabide ugarietako bat (gauza asko erostea, gauza asko erosi eta behin erabilita edo erabili gabe botatzea, etc.) elikadura okerreko bidera ekartzea izan da: gure dietan beharrezkoak ditugun elikagai tradizional batzuk (begetalez osaturikoak, gehienbat) zokoratzea, gure patrikan dirua zegoelako. Dirua edukitzeak osasuna galarazteko eskubidea ematen zigun, nonbait.
Krisiak tamalezko fast food horren kontsumoa biderkatu egingo zuela aurreikusia omen zuten aztiek, zerbait merke, azkar eta jangarri irentsi behar dutenek horixe ohi dutelako eskura. Elikatzea, halere, alkimisten mundukoa omen da: dena sekretua. Gure artean fast food asko baino merkeago da, oraino ere, plater konbinatu, ogitarteko, jaki bakar bat eta edari naturala hartzea.
Eta hori baino egokiagoa, inondik ere, egunari (telebista begiratzeari) ordu pare bat kendu —premiak ikusi, falta dena apuntatu, erosketak egin eta, jandakoan, baxera garbitzeko—eta janaria kuzinatzen hastea, ohitzea. Horrela programatuko ditugu janariak etzi zer nahi izango dugun, arrain urdin edo zuria nahiago dugun, saltokian ikusitako eskaintza hura merezi duen, adiskideekin zer afalduko dugun eta gainontzeko faktore horien arabera.
Kuzinatzeak jainkoen parean ipiniko gaitu: geu izango gara geure janariaren egile, sutondoetako azti, jakien eraldakuntzaren arduradun, ekonomia domestikoko sorgin. Geuk pozoitu eta liluratuko dugu geure burua eta geure lagunak, adierarik sanoenean.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Krisiaren onura eta kalteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu