Elikadura. Hazkurri kontuak

Krustazeoak

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Edo oskoldunak. Latinezko crusta (oskola, kuskua) hitzetik datorkigu izena. Elikaduraren ikuspegitik, jaten ditugun itsaski guztiak bi multzotakoak dira: moluskuak, soin bigunekoak, eta krustazeoak, gorputza geruza gogor batez babestua (eskeletoa kanpotik) daukatenak. Hauek ur geza eta, batez ere, gazietako animaliak dira, ugari-ugariak (8.000 espezie bizi dira munduan), tamaina denetakoak; hasi mikra batetik eta lau metroko japoniar armiarma-karramarro ikaragarriraino. Horietako asko karniboroak dira (haragi bizia jaten dute) eta beste batzuk, sarraskijaleak, baina ez dira igerilari bereziki trebeak; gehienek hankak eta haginak dituzte, dekapodoak izaki.

Krustazeo ezagunak ditugu karramarroa, txangurrua, buia, nekora edo txamarra, otarraina, otarrainskak, misera, ganba, izkiratzarra eta izkira, besteak beste. Jaten den jakia gihar eskeletikoa da eta, biziki azkar hondatzen denez, merkatariek, zalantzarik izatekotan, jaso bezain laster egosi egiten dituzte, jenerorik ez galtzeko. Hori itsaskia jateko modu segurua da, baina ez dugu beti kalitate bikainaren bermea, kontsumitzaileok ez baitakigu noiz eta nola (mordo bat, batera eta bortizki, ur irakinetan sartzean, oso litekeena da animaliaren batek bere buruari hanka edo haginik erauztea) egosi duten.

Erosteko garaian, hobe astunak aukeratzea, gorputz-atal guztiak eta osorik dauzkatenak: bestela, hanka erauzi den zulotik ura sartuko zen, egostean, eta ur hori ere itsaski prezioan kobratuko zaizu.

Krustazeoak gurean era hauetan prestatzen dira, oro har:

Egosita eta, oraino epel dagoela, zerbitzaturik, bai bera bakarrik, bai entsalada, zopa, krema, arrozki eta bestetan;

Egosi eta, hoztutakoan, zerbitzatua: aurreko jakiak osatuz, gutxi-asko;

Arranparrilan, plantxan erreta edo zarrastaturik, olio ttantta batez, maskorra bakarrik edo beste jaki baten osagai modura;

Arroz, marmitako, zopa, tortilla eta besteren osagai delarik ere;

Gordinik, carpaccio, sushi, sashimi edo cebiche-a osatuz, ongailuren batez (gatz larria, limoi zukua, eta abar).

(Elikadura Hiztegitik)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.