Azkenean, Nafarroak badu telebista autonomikoa, bat, handia eta askea. Canal4 otsailean itxi ondoren, Popular TV eta Canal6 kateen elkartzetik jaio da orain Navarra Television. Eta astelehenean abiatu zuen programazioa. Nafar jendeak ez dakit nola hartu duen berria —sortu duen harrabots eskasagatik, esango nuke hotz xamar—, baina bai zer esan duten nafar jendearen ordezkari diren politikariek. Denek bozkarioz hartu dute telebista katearen jaiotza, eta, gobernuan nagusi den alderdiak izan ezik, denek eskatu diote aintzat hartzeko Nafarroako errealitatearen aniztasuna. NaBaiko Txentxo Jimenez haratago joan da —ez Himalaiaraino, baina bai besteak baino urrunxeago—, eta jasotzen dituen laguntza publiko garrantzitsuengatik (1.940.000 euro) eta euskarak Nafarroako ikus-entzunezkoen eremuan jasotzen duen tratu urriagatik, euskarazko kate bat irekitzea ez litzatekeela ideia txarra adierazi du, besterik ez bada haurrentzako programazioarekin. Eta gehitzen dut nik ona litzatekeela euskarazko beste kate bat irekitzea, besterik ez bada txakurrentzako programazioarekin. Txakurrak gainera primerakoak dira audientziei begira, oso fidelak zaizkio, ez soilik jabeari, baita kate bati ere, mandoa zuzen erabiltzeko duten ezintasun biologikoagatik.
Baina, tira, Jimenez jauna, ez gaitezen sobera kexa, euskarari tartetxo bat, merezi duena, eskainiko baitiote Navarra Televisionen —besterik da eskaintze hori legeak hala agintzen duelako dela—: albistegi bat astegunetan bigarren katean eta lan munduaz saio bat astean bitan gaztelaniaz eta euskaraz. Baina garrantzitsuena da hemen Nafarroa aterako dela irabazten: edozein konpetentzia desagerrarazi ondorenean, erresuma zaharrak behar zuen telebista autonomiko bakarra izango baitu hemendik aurrera, katolikoa, eskuindarra, pribatua, noski, baina nafarren diruarekin ordaindua. Orain soilik geratzen da ETB afera bukatzea. ETBren zabalkuntza asmoak behingoz amaitzeko, nafarrek egin dezakete ETBk nafarrekin egin nahi duten gauza berbera; baina alderantziz, hau da, Navarra Television heda dadila Euskal Autonomia Erkidegora, egin diezaiola konpetentzia bere lurretan, eta eraman dezala, zer dakit nik, itxi behar izatera. Lehen pausoa eman dute, behintzat. Errepikagailu ilegalak jartzen hastea izan daiteke hurrengoa.
Komunikazioa. Ekografiak
Lehen pausoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu