Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Maratoiaren kontra

2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gauza zaharrak irakurtzen, Luistxo Fernandezek idatzitako honekin egin dut topo: «Somalia azaltzen zaidanean telebistan zapping egiten dut. Jokabide lotsagarria, ziur aski, baina jende guztiak berdin egiten duelakoan nago. Beltz hezur-hutsak estadio olinpikoetan gustatzen zaizkigu, ez bestela». 92ko kontuak dira, baina inpresioa dut gauzak ez direla hogei urtean sobera aldatu. Aurtengoa ere olinpiada urtea da; izango dugu beltz hezur-hutsak ikusteko parada. 1.500 metrotan, 10.000tan, maratoian—ez, ordea, igerilekuan edo tenis pistan; bestalde, jakin duzue Madril izendatu dutela berriz 2020rako hautagai? Deabruak gorde gaitzala—. Aukera izango dugu aurrerago, beraz, korrikaldi horiei buruz hitz egiteko.

Gaurkoan beste maratoi batzuk hartu nahi ditut hizpide, hainbat telebista katetan antolatzen diren elkartasunezko diru bilketa eskuzabal horiek: ohiko programazioa eten eta kausa ezin justuago baten alde patrikak mugitzera gonbidatzen gaituzte telebista kateek. Luze gabe iaz, Gabon egunen bueltan —kasu xehetasunei—, ETBk alzheimerraren kontrako maratoia antolatu zuen, eta azkenerako 400.000 eurotik gora lortu. Hamaikagarren EITB Maratoia izan zen, urrun oraindik Frantziako telebistetan ibili duten bide askoz luzeagotik, baina, tira, bada tradiziotxoa. Azken egunotan polemika piztu da TV3 katalanak biharko antolatu duen maratoi ezohikoaren inguruan. Ezohikoa diogu, ez kate horrek maratoiak antolatzeko ohiturarik ez duelako —hogei urte daramatza gintza horretan; iazkoak, ETBrekin konparatu nahiko bagenu, 8.931.418 euro bildu zituen—. Biharkoa, nola esan, propina bat da —propinagoa, esango nuke—. Motiboa ere diferentea da: normalean gaixotasun baten inguruko ikerketa bultzatzeko dirua biltzen den bezala, biharkoak pobreziaren kontrako dirua biltzea du helburu. Eta horrexek motibatu du protesta, formatuak berak baino gehiago.

Ez dakit nire iritzia hemen jaulki beharko nukeen. Ez dakit nire iritzia inori inporta zaion ere. Soilik esan, banku pribatu bat diru publikoz erreskatatzea gaizki iruditzen bazaigu, gutxienez zalantzan jarri beharko genukeela sistemaren egiturazko arazo bat teleikuslearen propinarekin bete, estali, zuritu nahi hori. TV3ko maratoia ez zaidalako azalduko bihar telebistan; ze,bestela, Somaliarekin bezala, zapping egingo bainuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.