Bart bukatu zen Ai, ama!show-a —eta oraindik ez dut ulertu zergatik tematu diren saioari show izendapen hori ematen, hitz batzuek duten karga traketsa ezagututa—. Ai, ama!show-a bart bukatu zen, eta ez dakigu denboraldi bukaera arrunta izan zen —gauez eta azpikeriaz gauzatua, hori bai, besterik gabe, astearte buruzuri batean— edo, aitzitik, betiko bukatu zaigun saioa. Berez, iragarri dute denboraldia bukatu duela. Kontua da ETBk saio batek denboraldia bukatu duela esaten duenean saio horrek ez duela bakarrik denboraldia bukatzen sarri, eta gehiago izaten dela betirako agur bat, disimulatua, auskalo zer errebolta sozial ekiditeko helburuarekin. Memoria apur bat astindu baino ez dugu egin behar. Sautrela-ri eskainitako hitzak ahaztu ote zaizkigu honezkero?
Behin baino gehiagotan ekarri dugu zutabe honetara Ai, ama! Iruditzen zait ez dela seinale txar-txarra ere, nahiz gero egin diogun harrera ez den izan beti beroena. Baina behin baino gehiagotan ekarri badugu, izan da sinesten dugulako gisa horretako telebista produktu baten beharrean, informazioa entretenimenduarekin konbinatzen duen saio batean. Elkarrizketaren generoa darabil, gainera, kasu konkretu honetan —eta hori show-a bada, bada, aurrera—. Are euskarak ez du ibili luzea bide horietan eta egiten den edozein ahaleginek esperimentutik badu zerbait. Gainera, hasieratik iruditu zait lantaldea itxurosoa, txukuna bakoitza bere zereginean, barkua zuzen aurreratzeko gaitasuna duena.
Horregatik hartzen dut pena, izan zitekeena baina izan ez dena ikusita. Erdibidean geratu delako sentsazioa baitut Ai, ama!-ren balantze orokor modukoa egiten ari naizela. Hartzen dut pena, halaber, iruditzen baitzait Ai, ama! gogoratuko dugula gonbidatuen artean endogamiarako joeraren erakusle izan zelako, elkarrizketak hainbeste jolas eta debaldeko apaingarriekin biltzen zituelako. Eta gogoratua izango delako, besteren gainetik, gauza mikatz bategatik: Rafael Amargo gonbidatu eta etorkizunerako erein zuen aurrekariagatik. 50 saio inguru izan dira otsailaren 13an hasi zenetik. Zalantzarik ez, injustua izango da Ai, ama! saioaz etorkizunean gogoratuko duguna. Baina uste dut ezer gutxi egin litekeela memoriaren apeten aurka. Akaso bigarren denboraldia programatzea litzateke erremedio onena.
Komunikazioa. Ekografiak
Memoriaren apetak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu