Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Mendi Alde jatetxekoak

2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Bihar da jokatzekoa azken ekinaldia: Sarkozy edo Hollande, Hollande edo Sarkozy, ordu gutxiren buruan jakingo dugu nor izango den garaile eta nor Frantziako Estatuko presidente. Berdindu xamar omen dago kontua, galdeketek buru hautagai sozialista jartzen duten arren. Baina, kasu, dirudienez, azken unera arte mantenduko da suspensea. Beste hautes-gau ezin kitzigarriago bat bizi ahal izango dugula, alegia.

Hauteskundeon karietara, aste honetako mintzagai nagusia bat izan da: asteazken arratsean presidente izateko bi hautagaien arteko buruz buruko eztabaida, TF1 eta France2 kateetan emanikoa. Honezkero jakingo dituzue jakin beharrekoak —ze garaiak, oraindik notiziak egunkarien bidez ezagutzen genituenekoak—: erasokor aritu zirela, iraineraino, eta, kasu honetan ere, garailerik izan bada, Hollandek pasatu zuela helmugan muturra aurretik, askok berdinketa teknikoa gertatu zela esan badute ere. Baina irudipena daukat gisa horrelako telebista eztabaidek ez dituztela hautesleen boza bereziki baldintzatzen —nahiz Sarkozyk, ez ahantzi, hiru eskatu zituen—.

Alde horretatik, interesgarriagoa iruditu zait ETBren ariketa: Iparraldearen orena saioak Beñat Cachenaut Iholdiko auzapez eskuindarra eta Frantxua Maitia Garaziko kontseilari sozialista elkartu zituen Ortzaizeko Mendi Alde jatetxean, Sarkozy-Hollande debatea ikusi eta komentatzeko. Gero, ostegunean eman zuten afariaren laburpena, Iparraldearen orena saioan bertan, baina baita ETB1 eta ETB2ko eguerdiko albistegietan ere —hori bai, 25 eta 30. minutuetatik aurrera—.

Borondate kontua da, azken batean. Baliabide urriekin ere gauza txukunak eskain daitezke. Berria TBk atzo egin bezala: Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslea eta Jojo Bidart Irulegi irratiko kazetariaren arteko mahai ingurua eman zuten —sarean ikusgai dago orain—. Nahikoa da hizlari txukun batzuk elkartzea; afaria ordaintzeko beharrik ere ez da.

Lehen itzuliaren ondotik zutabe bat idatzi nuen, ETBk hauteskundeoi eskainitako arreta apurra kritikatuz. Geroztik, ordea, lehen itzuliaren ondorengo astelehenean bertan, emaitzen laburpenarekin osatu zuten Iparraldearen orena eta hauteskundeen analisia egin zuten Azpimarra-n. Horiei gehitzen badiegu ostegunekoa, bada, gutxitxo izango da, akaso, baina uste dut hori dela bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.