Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Munduaren akabantza

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Entzule gor eta begiratzaile itsuek edo sineskor gaitzek ez dute gehiago zalantzarik. Atzoko albiste freskoa dela eta ez da 12/12/12an gertatuko munduaren akabantza, baina lau mila milioi urte beranduago! Hubble teleskopio arraberrituak, NASA erakundearen eskutik, ziurtasuna jakinarazi digu atzo: Andromedo eta gure Galaxiaren arteko txokea ziurra eta ezinbestekoa da! Lurtar eta gizatiar guztiek astia badute beren halabeharrezko ordenua edo konbertitzearen egiteko. Mugatua izanez, betiereko bizian baizik ez da esperantzarik orain.

Bagenekien jadanik gure eguzkia errea izango zela orduko, edo horretarik aski hurbil eta, barruko kemen termonuklearra ahiturik, «gorri erraldoi» bilakatua izanen zela orduko. Horrela lurra ia osoki errea izanen zela, bizi mota guztiak suntsiturik. Hala ere, noizbait norbait eskapatuko zela hemendik, bagenuen itxaropen zerbait, biziaren iraunarazteko. Akabo hori dena, beraz.

Otoi! Hau dena ez da BERRIAren irakurle gozoaren etsipenez betetzeko baina zuhurtzia zerbaiten bideratzeko! Iragan aldiko memoria edo oroimen arazo horien erlatibizatzeko eta, bidenabar, gure harrotasun behin-behineko (edo berdin tristezia) lasaitzeko eta moderatzeko.

Badugu astia, beraz —hala ere!— , gure auzoarekin bi solasen eramateko, burutik omen joanak diren aitona edo amona zaharraren bisitatzeko eta entzuteko, bakartasunean ezinbestean dagonaren laguntzeko eta, berdin ere, elkarren pixka bat gehiagoren maitatzeko: parioa libro!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.