Nafarroako Gobernuak hezkuntza sisteman Google Apps for Education ezartzea erabaki du. Tresna sorta hori Googleren on line ofimatikorako tresna sorta (egutegia, testu editorea, kalkulu orria...) ezaguna da, baina hezkuntza alorrekoa. Neurriak 70.000 ikasle eta irakasleri eragingo dio, eta, hemendik aurrera, hauek izango dira erabili beharreko tresnak.
Prentsa ohar batean (http://tinyurl.com/google-apps-nafarroa) ekimenaren onurak zabaldu dituzte. Alderdi ekonomikoan, hardwarean eta softwarean aurreztuko dutena aipatzen dute. Alderdi pedagogikotik, beraiek proiektu akademikoan denbora gehiago eskaini ahal izango dutela nabarmentzen dute. Alderdi teknikotik, partekatzeko aukerak, orain arte guztiek ez zituzten posta elektroniko korporatiboak edukitzea eta posta zerrendak erabiltzeko aukera izatea aipatzen dute.
Mugimendu horren ondorioak ez ditugu orain ikusiko, baina argia da autonomia galera izango dutela Nafarroako hezkuntza sisteman. Microsoftek urteetan bere produktuekin ezarri dizkigun mugak beste neurri batean ezarriko dizkio orain Googlek.
Horren aurka, meta irakaskuntza dago, Google Docs erakutsi beharrean, testu editore bat nola erabiltzen den irakastea. Tresnen izaera, erabilera eta horien atzean dagoen guztia ere hezkuntza proiektuaren parte da; garai hauetan alboratu ezinezko gaia.
Googlen tresnak oso onak dira, baina ez dakigu horien garapena nolakoa izango den. Aukera handiak eskainita ere, muga bihurtzen dira. Guk sortu edo garatutakoek, nahiz eta eutsi behar izan, gure beharretara gehiago egokitzeko aukera izan dezakete; software librea da horren adibide argia.
Nafarroako egoerara bueltatuz, oharra irakurrita behinik-behin lortuko dituzten onurak ez dira hainbesterako. Software librea erabiliz eta inguruan ditugun enpresen bidez, horrelako azpiegitura bat ziurtatzea posible izan daiteke; ekonomia lokala sortuko litzateke, gainera.
Alde pedagogiko, ekonomiko, tekniko... guztietan aldagai asko daude jokoan, eta autonomia, etorkizuneko garapena, ekonomia lokala... Denak dira garrantzitsuak. Ez da erabakia ona edo txarra den, baizik eta zein ondorio izango dituen, kontuan hartuta beste euskal erakunde askok ere erabaki bera hartu dutela edo har dezaketela.
Komunikazioa. Irlen sarea
Nafarrooooa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu