Amaitu dira sanferminak... eta nire lagunek ez diete nire telefono deiei erantzuten. Seinale arazoak ziurrenik. Korrika, ordezkoak topatu ditut. Nire lagunaren ordezkoak proposatu dit sanfermin osteko sindromeari buruzko erreportajea egiteko. Sintomak? «Ezer ez egiteko gogoa, logura, zezenekin amets egitea, zuri-gorriz urte osoan janzteko irrika...».
Nire lagunaren lagunaren ordezkoak esan dit BERRIAk gaurko entzierroari bi orri eman beharko lizkiokeela asteleheneko (!) berripaperean. «Billabesen ganadutegia. Intsignia, lehoia eta kolore berde eta zuria. Zezen handiak dira, 10.000 kilotik gorakoak, baina nobleak; ez dute keinurik egiten Santo Domingon gora. Adi: bakarrik joateko eta ibilbidetik ateratzeko ohitura. Asteburuabada ere, batez ere parrandazale eta nostalgikoak...».
Nire lagunaren lagunaren lagunaren ordezkoak baieztatu dit azkenean ezin izan dutela Rafaella Carra ekarri Pobre de mí-ra, alkateari jelosia eraso batek eman diolako. Ez dute amore emango,eta datorren urterako lehentasun nagusia izango da. Txupinazoaren aukera ez da baztertzen.
Nire lagunaren lagunaren lagunaren lagunaren ordezkoaktxostena pasatu berri dit: «Zure laguna bederatzi zenbakidun billavesako azken jarlekuan topatu dute seko lo. Zazpi itzuli eman dizkio hiriari. Ordainarazi egingo dizkiote bidaiak. Ez du zentimorik. Zure lagunaren laguna lehen orduetan Donostian zuri-gorriz jantzita zigi-zagaka ikusi dute, eta galtzontzillotan Kontxan bainu bat hartu ostean atxilotu dute... Iskanbila publikoa beharrean osasun publikoaren aurkako delitua leporatuko diote. Ez du zentimorik. Zure lagunaren lagunaren laguna 'agur mundu krudel' oihuka eta negarrez atzeman dute Santo Domingoko aldapan, zezentzat zuen autobusak noiz harrapatu zain. Jada gutxi falta da ohiko terapiak ez du balio, eta terapia gogorragoak hartu beharko dira. Zure lagunaren lagunaren lagunaren laguna, berriz, Suitzara bidean doa. Klinika batean odol transfusioa egin nahi du. Faktura zuri pasatuko dizu».
Sanferminak Iruñan. Nire lagunaren lagunak dioenez
Non dira nire lagunak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu