Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Noranzko bakarreko errepidean

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Urrun geratzen zaigu oraindik, auskalo non-nola izango garen ordurako; baina irailaren 26an ez dut lanik egingo: alegia, sindikatuek —momentuz abertzale deitu horiek, espero dezagun guztiek— egindako greba deialdiari gehituko natzaio. Batetik, zutabeok hartzen dituen egunkariak greba egingo duelako ia ehuneko ehunean —el abertzale BERRIA baita La Gaceta-ren gisako egunkari ezin serioago batentzat, Deia pro-PNV eta Gara proetarra diren bezalaxe; guztiak ere Hamaika Telebista kate erradikalean parte hartzaile—. Bestetik, bada, aizue, ondo baino hobeto etorriko zaidalako jai egun bat irailaren muinean, apur batean leuntzeko opor osteko Peyragudes partikularra —bai, Tourra bukatu berri da—. Eta, azkenik, Ni más ni menos telebista saioagatik. Ni más ni menos telebista saioagatik egingo dut batez ere greba irailaren 26an. Berdin zait greba batek egungo egoera amiñi bat mugiarazteko eraginkortasunik ez duela esaten badute ahots zoritxar igarleak. Berdin zait Bernabe Unda kontseilariak bezala lan egun bat galduko dugula esaten badute, galerak izango ditugula, Confebasken gisa eusko produkzio-ehunari kalte egingo diogula. Berdin zait. Ezin dena da irailaren 26ko greba deialdiari buruzko telebista saio bat egin eta lau gonbidatuetatik hiru eta erdi grebaren aurka egotea, pasa den ostiral arratsaldean Ni más ni menos-ek egin bezala. Juan Carlos de Julian Onda Cero EAEko albistegi zuzendaria, Tatiana Gonzalez abokatua eta Juana Bengoetxea PPko agintaria —hirurak kontra—, eta Iñaki Lezama lanbide ezezagunekoa —orain alde, orain kontra— izan ziren Klaudio Landak zuzentzen duen saioko gonbidatuak. Eta ez, hori ez da kazetaritza lan serioa, ez da telebista programa duina, nahiz gero telefono deiren batekin, publikoko Antoniarekin, ELAko batekin egindako konexioarekin gauzak makillatzen saiatu. Ez baitu urrutitik ere herri honen egoera islatzen. Intereconomiak egin dezala nahi duena, baina diru publikoa diru publiko da.

Gero berradiskidetu egin nintzen Ni más ni menos-ekin, saioko nutrizionistak erakutsi baitzigun zer jan behar dugun udan, argitu baitzidaten baskook udako jaietan gehiegikeriaz jarduten dugula. Eta momentu batez pentsatu nuen ederra litzatekeela gonbidatuen %87,5aren munduan bizitzea, noranzko bakarreko errepide horretan lasai aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.