Denboraldiko sorpresa atseginenetakoa izan da Bi eta bat telesaila. Atseginenetakoa, batetik, Alberto Surio EITBko buru denetik telebista publikoak ekoitzi duen fikziozko telesail berri bakarra izan delako. Eta atseginenetakoa, bestetik, hogei urteren buruan memoriaren galga erraz asko pasa duelako, ez delako erori konparazioen aurrean, gaina hartu diolako nostalgiaren zikoitzari. Orain, lehen bost atalak bukatu direla, esan dezaket, nire uste makalean behintzat, oraingo hau ordukoa baino hobea dela, laprast nabarmengarriak ikusi eta hemen esan arren, izan arren gidoilari desberdinak eta, ondorioz, gorabeherak atalen artean. Beste gauza bat da orduko hartan telesailak utzi zuen aho zaporea eta oraingo honetan izan duen burrunba apurra. Burrunba apurra, baina ikusle datu onak, eta hor ere islatu da telesailaren etapa berriaren balioa. Noski, espektatibak ere egingo zuen bere lana, telesail bat hogei urteren buruan bueltatzearen morboak. Estreinako egunean, %6,4 ikusle kuota egin zuen, eta hurrengo ataletan, behetik ibili bazen ere, datuak oro har izan dira txukunak. Horregatik harritzen nau beste behin, aste baten tartean bigarrenez, saio baten geroa ditxosozko ikusle datuen menpe jarri dutela jakiteak: irailean eta urrian emango dituzte dagoeneko grabatuta dauden bost kapitulu gehiago. Eta horiek lortzen duten ikusle datuen arabera erabakiko du ETBko zuzendaritzak telesailarekin jarraituko duen edo ez. Estitxu Fernandezen Nomada Express saiorekin gauza bera egin dutela jakin genuen pasa den astean. Kasu horretan, ordea, emanaldi bakarrera jokarazi zieten dena.
Eta pasa den astean ez nuen izan abileziarik —uztailean gaude, denboraldia luzea egiten ari da—, baina orain egingo dut: crowdfunding bat eskatuko dut Bi eta bat pantailan mantentzeko. Baina lasai; sui generis izango da, ez dut eskatuko gure patrika argalduak are gehiago argaltzeko. Ez naiz hemen sosa askatzeko eskatzen ari: ikusleak biltzeko deialdi bat egin beharko genuke, hainbat lagun hainbat egunetan hainbat denboraz telebista aurrean jartzea —jakinik hori dirua jartzeko eskatzea baino gogorragoa izan daitekeela—, Bi eta bat telesailak ikusle datu txukuna lortu eta salbatzeko —baldin eta salbatu nahi badugu, noski—. Bestela, guk telesailarekin egin ordez, berriz guri egingo digute barre aurpegira.
Komunikazioa. Ekografiak
Nork edo nori barre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu