Ezin esan irrigarria ez denik: hainbat lagunETBren inguruko hainbat gauza hasi zaizkio eskatzen, revival eran eta Twitterren, Urkullu jaunari —fijatu zarete Urkullu beti dela jauna, Patxi Lopez sekula izan ez den moduan? Zer esanik ez Laura Mintegi—; hainbat gauza hasi zaizkio eskatzen, Olentzero balitz bezala —Olentzero baino puskaz guapoagoa, hori bai, inguruko emakumeen iritziari kasu eginez gero, behintzat—: Superbat, Euskaraokea, Brinkola, Txiskola, Basetxea; Ixiar Oreja itzultzea; Maria Luisa eta Gina orobat Goenkale-ra. Bada, nobedade gisa, euskarazko pornoa ere eskatzera iritsi den ausartik. Baina auskalo zergatik, traola ez delako sobera erakargarria, edo Twitterren ditugun intelektual urriek hasi ez dutelako, egitasmoak ez du beste batzuek bezain aurrera egin. Eta hemendik ez dut eskatuko kanpaina bat abiatzea —inork jaramonik egin ez eta erridikulua egiteko beldurrez—. Baina nahi duenak eska diezazkiola ETBren inguruko gauzak Urkullu jaunari traola honekin: #urkulluETB.
Aitor Zuberogoitia komunikazio adituak ere eskatu ditu hiru gauza, tira, ez zuzenean Urkullu jaunari, baina bai, emaitzen irmotasuna hain izan baita irmoa, etorriko diren jeltzale koloreko agintari berriei. Hausnarketa forman, hori bai, eta Argia astekarian: baga, EITB ez egotea unean uneko hauteskunde emaitzen menpe; aitzitik, bere eginbideari buruzko adostasun zabala berritzea eta, ondoren, aginte politikoarekiko daukan autonomia sendotuko duten neurriak sustatzea. Biga, ETB eleanitza bermatzea, euskara ardatz nagusi izango duena eta euskara ez dakitenak ere bere programaziora erakarriko dituena. Eta higa, EITBk komunitatea eratzen jarraitzea, sustraiak are sakonago errotzea, eta, azken batean, tokiko telebistarekin harremanak estutzea.
Ezen ez baita eztabaida hutsala; mugimenduak hasi dira, zalantzak, galderak, zer egingo dute, adibidez, ditxosozko eguraldi maparekin? Baina nik badaezpada ez nuke ilusio handirik egingo. Ikusi beharko norekin, nola, baina ia hogeita hamar urtean EITBko azken arduradun izan direnak bueltatuko dira aurki gobernura. Zuberogoitiak berak dio: ez da abentura haize handirik izango bazterretan. Beraz, eskatu, nahi duguna eskatzeko aukeran gaude, besterik ez genuen behar. Zeru-lurrak, nahi izanez gero. Baina jakinik Olentzero EAJkoak direla.
Komunikazioa. Ekografiak
Olentzero EAJkoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu