Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Osotasunean

2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gauzak bukatzen direnean ikus daitezke ondoen. Esan nahi dut, zerbait amaitu gabe dagoenean, zerbait oraindik martxan daukagun bitartean ezinezkoa dela bere osotasunean harrapatzea, beti izango dugula ikuspegi herren, osatugabe, partzial bat. Orain ETA bukatu dela badakigu. Badakigu, lehenik, ETAk berak bukatu dela esan duelako. Eta alde horretatik has gaitezke kontatzen ETAren historia bere osoan, bere gordinean eta bere gozoan. Baina ETA bukatu dela badakigu beste gauza batzuengatik ere; luze gabe, larunbatean eman zuten Infome semanal saioagatik.

Erreportajeak izena zuen Así se hizo: la derrota de ETA. Izenburua hasteko da eztabaidagarria, aurkezten baitu ETAren azkena porrot gisara, nahiz eta garaipen argia izan. Baina erreportaje guztiak idazten du historia hala, ekintza armatuen etena atentatuak egiteko ezintasunak bultzatua balitz bezala. Eta tesi hori laguntzera etorriko lirateke erreportaje guztian emandako irudiak, sekula aurretik inoiz eman gabeak, azkenerako erreportajearen beraren balio bakar direnak: 1989. urtetik hasita, hainbat etakideren eguneroko irudi arruntak, kamera ezkutuekin hartuak. Tesia oso eztabaidagarria da, eskaintzen diren frogak ahulak oso, eta irudiak, zer esan irudiez. Baina bertute bat du erreportajeak: aditzera ematen digu ETA bukatu dela, poliziak berak hori sinesten duela edo, are, informazio hori duela. Bestela nola erakutsi urteetan nola lan egin duzun, zein teknika erabili duzun, jarraipenak nola egin dituzun?

Bukatu zen beste gauza bat GAL da, 1987an bukatu ere. Eta joan den astean eman zuten erreportaje bat, oso gomendatzekoa, Frantziako Canal+ katean. GAL: de tuers d'Etat? izenekoa, galdera marka bera galtzen du izenak azkenerako, lanak argi baino argiago uzten baitigu Espainiako Estatuaren inplikazioa erakunde armatuaren eraketa, garapen eta akaberan —Felipe Gonzalez bera zipriztinduz—. Bai eta, tarte batean, Frantziako Estatuaren kolaborazioa ere. GALen historiari begiratu oso osatua ematen dio erreportajeak, eta, nobedade gisa, GALeko mertzenario izandako baten eta errekrutatzaile izandako baten testigantzak.

GALek egin zituen 40 atentatuetatik, halere, heren bat geratzen da egun oraino argitzeke. Gauzak bukatzen direnean ikus baitaitezke ondoen, baina batzuetan gaitz egiten baita ikustea osotasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.