Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Paian-paian

2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Iragan da abuztua, eta, konturatzerako, galtzamotzetan harrapatu gaitu irailak. Arrazoi zuen poetak, «iraila is the cruelest month». Lanera bueltatzea gutxi balitz, herriko jaiak eta urtemuga segidan ditugunok badakigu zerbait horretaz: lanera bueltatzea gutxi balitz, ezin penak nahi beste gintonicetan ito, eta urtebete zaharragoa zara gainera. Nostalgiarako tarterik ez da, ordea; lanerako trapuak jantzi, eta telebista aurrean paratu beharra duzu kolpetik. Gogorra, benetan. Baina, a ze abuztua, lagunok, gogoangarria, inoizkoa, superra, opor hitzaren lehen adiera estimatzeko modukoa—bigarrena, hilaren 26an—.

Bai, nik ere izan dut abuztuko sugetzarren berri, Assange afera, Siriako odolustea, zezenak eta Donostia, Uribetxebarriarekin egin krudelkeria. Baina axaletik baino ez. Barkatuko didazue, opor-opor egin dut. Jakin dut telebistan ere izan dela berririk, ETAren komunikatu faltsua, Nafarroako LTDko lizentziak, zezenak datozela bueltan TVEra. Azkena, ongietorria emateko edo, igandean bertan, ikasturteko nire lehen lanegunean —eta barka berriz bekatuagatik—: Deia berripaperak asmatu zuen EHBilduk euskararen ezagutza derrigorrezkoa proposatzen duela eta Radio Euskadi eta ETB2ren itxiera. Eta iruditzen zait notizia beste batek izan beharko lukeela, hots, EAJ-PSE-PP eta enparauek EITBren egungo egoera mantentzea proposatzen dutela, euskarak egungo marjinalitateari eustea, alegia.

Baina nire telebista-abuztua bi zerarekin laburbilduko nuke, besteren gainetik. Aurreikusi bezala, baina ez zehatz aurreikusi moduan: Olinpiar Jokoak eta Breaking Bad. Olinpiar Jokoek katigatu ninduten, zenbat ordu, zenbat saio, zenbat une ahaztezin. Chorraut, adibidez, nire ezjakintasunean izen ezdeusa zena, ezin ahaztuzko abuztu batekin lotuta geratuko da betiko. Breaking Bad telesaila bezala, nahiz lehen denboraldia erosi eta erabat harrapatu ez. Patua zer den ordea, kuak, lagun batzuek utzitako etxera joan eta hantxe zeuden bigarren eta hirugarren denboraldiak —kasu horretan piratak—. Laugarrena lortzeko irrikan nago orain.

Eta inoizko abuzturik gogoangarrienaren antzera, bero dator ikasturte berria ere, interesgarri. Pixkanaka hasiko dira kateetako programazioak normaltzen, pieza guztiak beren lekua hartzen. Guk ere hasi beharko dugu, paian-paian, gauza bera egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.