Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Pentzean da heriotza

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Elkarrizketa argigarria dakar Argia astekariaren azken zenbakiak. Elkarrizketatua Eric Gueret da, zinema zuzendaria, besteak beste La mort est dans le pré dokumentalaren egilea. Dokumentala orain dela gutxi ikusteko aukera izan genuen, apirilaren 17an eta 20an, France2 kateko Infrarouge saioan. Kontua da gero ez nuela hemen hitz egin dokumentalaren gainean, gaur-gaurko gaiak sartu zitzaizkidala tartean —noski, laborari batzuen gaixotasun-heriotzak ez dira gaurko gaiak; hala gaztigatzen digu dokumentalak berak—. Baina hemen komentatzekoa da dokumentala, kontxo, non bestela. Telebista publikoaren funtzioetako bat horixe baita, informatzea, sarri bestelako botere guneek isiltzen dituzten kontuez informatzea ere. Eta produktu kimikoek gaixotu eta hildako nekazarien afera ez da gai bereziki zabaldua.

Izan ere, sujet hori du ardatz La mort est dans le pré horrek. Nekazaritza intentsiboaren barruan, pestizidak erabiltzeagatik gaixotutako hainbat nekazariren testigantzak biltzen ditu, senarra leuzemiaz hildako emakumearena, minbizia duen laborariarena, Monsanto auzitara daramanarena, tumore batek gurpil aulki batera lotu duenarena. Denak dira pestiziden arazoaren biktima, baina baita, erabili dituzten neurrian, aktore ere. Noski, afera handiagoa eta handiegia da errua laborari xume batzuei soilik kargatzeko. Eta hor sartzen dira jokoan dokumentalak salatu nahi dituenak, agintari publikoak, eta, batez ere, produktu kimikoak sortu-saltzeko interesa dutenak, sistema goitik behera kontrolatzen dutenak. Azken batean, produkzioa birlokalizatzea eta gertuko laborantza garatzea baitu aldarri Guereten lanak.

Aste honetan bertan dokumentalak.com webgunean —euskarazko dokumentalak biltzen ditu— jarri duten Gure lurra, gure etorkizuna lanak bezalaxe. Bizilur erakundeak eta Bizkaiko EHNEk elkarlanean sortutako dokumental horrek, besteak beste, ekologiko esaten diogun nekazaritza du mintzagai, Euskal Herriko nahiz munduko bazter askotako ahotsen bitartez. Eta, momentu batean, otu zait zergatik horrelakoek ez duten behar besteko lekurik gurean; gure telebista publikoan, esan nahi dut. Haratago batean ematekoak dira, zalantzarik gabe. Edo solte. Edo, askoz hobeto, ekoizpen propioko dokumentalak pasako dituen saio batean. Asmatu beharko genuke lehenik, horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.