Zineman, ni ez naiz inoiz lokartzen: kritika performatiboa egiten diot filmari. Ez naiz bakarra, halere. Klase horretako kritikarik hoberena Jan Kounen-en Dobermann pelikulan ikusi nuen. Plan bat ongi burutu izana ospatzeko asmoz, diskoteka batera joan dira protagonista diren gangsterrak. Halako batean, batek hertzeak hesteko gogoa sumatu du, baina komunak elur-jokoetarako hartuak daudenez, kanpora ateratzea erabaki du. Egin beharrekoa egindakoan, baina, ipurdia zerekin garbitu du falta. Lurrean bilatzen hasi eta hara non Cahiers du cinéma-ren ale bat harrapatu duen. Horra, beraz, gure Jan Kounenek Donostiako zinemaldi batean (ezen ez bertzean) hain maitea duten zinemaz duen iritzia.
Gorea, edonola ere, ez da egunero irensten ahal den platera. Izan ere, ezohikoa delako da polita Dobermann-eko adibidea. Nafarroako gobernuan, ordea, kritika kounendarra mainstream dago bihurtua aspaldi honetan: Comptos Ganberatik ateratzen diren txostenek ez dute bertze arraposturik izaten UPSNren politikarien aldetik.
Hondarretako bat Marta Vera Osasun kontseilariaren erantzuna izan da, ospitaleko sukaldeak pribatizatzeari buruz. Horren kontra jo duen Comptoseko txostenari bertzelako datu objektiboak kontrajarri dizkio Verak: zerbitzu pribatuetan, lan gehiago egiteaz gain, gutiago eritzen dira. Zerbitzua pribatizatzea aski ez eta kanporatuak izanen diren langileak iraindu egin behar.
Bistan da, gaurko egoeran, gero eta beharrezkoagoa dela gure erantzuna ere performatiboa izan dadin.
Maratila
Performatiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu