Inigo Astiz
Ezkutuko kronikak

Salbazionearen abangoardian

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
«Joan eta Katalina eskumikatu, anatema, madarikatu, zismaren eta heresiaren bultzatzaile [...] eta betirako oinazearen dina izendatzen ditut». Julio II.a aita santuak 1513ko otsailaren 18an.

Behera traizione erlijionezkoak! Behera herese madarikatuak! Behera elizara diruaren xerka baino heldu ez direnak! Behera penak! Iainkoaren graziaz elizaren gidari, Julio II. aita santua, osasuna eta bizitza luzea opa diot berorren maiestateari. Goikoak zain beza osasunean, eta gorde beza bere albora betiko zorionera deitzeko istantetik urte luzez. 1512ko uztailaren 7 honetan, nik Irrintzi dorreko abade eta Tzerbantesko eskribau izateaz gainera, gehienbat Garazi, Toki Leza eta Bar Rocheko kalonje naizen honek eskari bat egiteko idazten diot gorentasun horri. Fidel izan ez diren nafarren barkamenaren eskatzera natorkio. Ziur naiz Iruñean egunotan gertatzen denari buruzko informazione ezinago gaiztoagoak helaraziko dizkiotela Gaztelako erregek eta Leringo kondeak. Hek esandakoan oinarriturik, ez dezan hartu gure erresumaren aurkako neurririk, hei kontra egitera natorkio. Itxurako heresien pean, nafarren sakoneko zintzotasuna demostratzera.

Nafar jende libreok zakar xamarrak direla ez diot ukatuko. Badaki berorrek ere hainbertze. Tabernetan ibiltzen dira. Jana eta edana bertzerik ez dute buruan. Haragiaren kontenplazionearen eta praktikazionearen xerkan dira etengabe eta, oro har, plazer damaienaren gose. Baina horrek ez du erran nahi kristau zintzo eta esaneko ez direnik. Alderantziz. Uler nazan nezesario estimatu ukan dut nafar jendea maitatzera heltzeko instrukzioneak igortzea. Present dira kapitaleko bekatuak gure kapitalean, bai, baina horrek ez al gaitu egiten bertutetsuago? Martiri batzuk gara!

Tentazioak oro dastatzea erabakitzen badugu ez da alfer, haragizale, mozkor, enbidios, haserrekor batzuk garelako. Kontrara, gorentasun hori! Erredentzio erabatekoaren xerkan gaitu berorrek! Humanitatearen liberazionean! Edo berorrek ezagutzen al du haragiaren zama osoa, karga oso-osoa, bere gain hartzeko prest den bertze nazionerik munduaren luze zabaletan? Nafar erreinu hau munduaren salbazione teknologien abangoardian dago, jauna. [Ikus argazkia].

Adibide bat jarriko diot gorentasun horri, plazer badu. Martiri bat. Bat gehiago baino ez, nafar erresuman aurki ditzakeen hainbertzeren artean. Atzo bere graziaren gorenean zen Eskirozko leinuko Iñaki artzapezpikuarena, kasurako. Hark atzo erranaren arabera, «jende ona eta lasaia», horra zer garen. Ebanjelioaren zabalkundean ari zen Takonera parkean. Eta bere mezua igorri ondorenean, berriz hartu zuen penitentziara itzultzeko deliberazionea. Ez zuen bide erraza hautatu. Ez. Aurka egin zion nagikeria eta erosotasunari. Une batez duda egin arren, 500 bat metrora zuen etxerako bidea baztertzera ausartu, eta haragiaren zamaren sufrimenduan liberazione amiñi batzuen xerka abiatu zen berriz ere gure kapitalearen bihotzera. Taberna zuloetara. Deabruaren sukalderaino sartu, eta hark eskainitakoaz gainera, gehiago nahi zuela erratera: tortilla patata bat eta zerbeza bat, zehazki. Ez al da hori, benetako martiri baten konportamendua?

Ez dira, beraz, nafarrak bekatari nagusiak, Leringo konte doilorrak eta Fernando II.ak erranen dion bezala. Hain zuzen, informazione okerrak emanen dizkio arimaz ere oker denak. Ez beza, behintzat, hek errandakoengatik gure erreinu leial hau zigor. Ez Gaztela eta Aragoiko erresumak baino gehiago, bederen. Hek ere bai baitute bekaturik.

Oraindik ere gogoz dantza eta kantatzen dituzte deabruzko kantuak, eta inolako lotsa eta arrepentimenturik gabe, gainera! Ikusiak ditut nik neuk ere hen profanazioneak! Eta hek bai direla profanazioneak! Nafarrak herese badira, hek ere bai! Ez dituzte berehalakoan ahantzi garai bateko abesti paganoak. Froga gisa, egunotan Iruñean entzun deraiedan deabruzko kanta baten hitzen transkripzionea igortzen diot, berorrek erabaki dezan hen aurka inkisizionea ezarri edo ez: Asereje ja de je de jebe tu de jebere, sebiunouva majabi an de bugui an de buididipi.

Amen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.