Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Schengen bat telebistarako

2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Bukatu dira Cannesko zinema jaialdikoak. Berri on batekin bukatu ere: Michael Haneke zuzendariaren Amour filmak eraman du sari nagusia. Eta ez bakarrik hori: berripaper honetan argitaratutako elkarrizketa ederraren bitartez jakin dut —beste inon ez baitut irakurri— Ramon Agirrek parte hartu duela pelikula garailean. Zorionak, beraz, lerrootatik Ramoni. Eta ez naiz bereziki zinema jaialdizalea. Hainbat egunetan jatetxeetan jatea bezalakoak egiten zaizkit. Donostiakoan ere nekez ikus ditzaket dozena erdi pelikulatik goiti —gehienak ahazteko gero—. Baina Canneskoak badu zera berezi bat, ez dakit, uda hasiera izango da, kosta urdina, frantsesek bakarrik ematen dioten glamour ukitu hori.

Cannesko zinema jaialdia. Lehen kasu egiten nion apur bat, Arte telebista katean, batez ere. Jarraipen berezia egiten zioten jaialdiari, programazio bereziarekin, ez soilik jaialdiaren berri emanez, baizik jaialdiarekin lotutako filmak, dokumentalak eta abarrekoak ere eskainiz. Tira, jarraipena egiten zioten eta egiten diote. Baina iraganean jarri dut aditza, Frantziako telebista uhinen irismen eremutik kanpo bizi naizenetik oso konplikatu baitzait kontua. Asko, ia ezinezko egiteraino. Lehen ez, mugatik hegoaldera baina mugan bertan bizi nintzelarik, lasai demonio jasotzen nuen seinalea —Lekeitioko lagunak esaten dit berak ere jasotzen duela; kostako herrietara garbiago ailegatuko dira uhinak—. Baina iristen den lekuraino soilik iristen da seinalea. Eta Internetek kontua erraztuko zigula uste bagenuen, akabo. Eskubide kontuak omen dira. Zuzeneko emisiorik ezin da ikusi, ez bazara Frantzia edo Alemaniako erabiltzaile. Eta saioak nahieran ikusteko atal ezin txukunagoa izan arren, horien portzentaje handi bat ez dago eskuragarri IP helbide espainolekoontzat —dokumental bat ikusi ahal izan dut, Hanekeren pelikulan Ramon Agirreren kide izan den Jean-Louis Trintignant aktorearen bizitzari buruzkoa; orain ja ezin dut—.

ETBri ere gertatzen zaio hori: ezinezkoa omen da ETBren ohiko kateak Internet bidez emititzea —ETB Sat gauza bat da; beste bat ETBK Sat—. Kanpo ekoizpenak emateko eskubideak omen daude hemen ere tarteko. Eta lege kontuez ezer gutxi dakit, baina, eskatzen hasita: zergatik ez Schengengo akordio bat telebistarako, mugarik gabekoa omen den Europa honetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.