Roberto Sarriugarte
Elikadura. Ardoxka

Setze Gallets

2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Badirudi Gallet edo Aguileta bost zentimoko txanponaren antzinako izena zela Valentzia aldean-edo; gure artean «txakur txikia» deitzen zena, hain zuzen ere.

Eta Setze Gallets da Pablo Calatayudek Celler del Roure bere upategian aurrera daraman azken proiektuaren izena.

Merkatuan hainbat hilabete daramatzan arren, urte hasieran-edo aurkeztu zuen Valentzia Jatorri Izenaren Batzorde Arautzailearen egoitzan. Proiektu berritzaile eta apurtzailea, inongo zalantzarik gabe, Pabloren neurrikoa.

Pabloren asmoa kontsumitzailearen mahaian berriz ere ardoa jartzea litzatekeela esan daiteke; are gehiago, krisi garai sakon eta latz honetan. Haren hitzetan, «ardoa demokratizatu behar da, biluzik erakutsi, jantzi garestiak baztertuz...».

Eta, horretarako, ardo fresko eta erraza diseinatu dute, arina baina era berean egituratua eta frutaduna; fresko edateko egokia, baina kalitateko ardoen artean ezohiko jantziarekin: kartoian, alegia.

Proiektu horretan garrantzi handia dute, Pabloz gain noski, Josep Lluis Perez mahastizain eta ardogile ospetsuak eta Daniel Nebot diseinatzaileak.

Calatayudek proiektuaren aurkezpenean hamasei arrazoi eman zituen bere proiektua «justifikatzeko». Hamasei arrazoi «Hamasei Txakur Txiki» deitzen den ardoa aurkezteko. Denak ez zaizkigu hemen sartzen, baina aipatuko ditugu batzuk:

Les Alcusses egun berezietarako egiten dute, eta Maduresa oso egun berezietarako, eta egunero edateko ardo bat egin nahi zutelako. Prezio aldetik ere oso aproposa da, eta ardoak hainbesteko protagonismoa eskatzen ez duen egun horietarako egina.

2006an upategia handitu egin zuten, eta horrek, besteak beste, proiektu honi bide ematen dio. Mahats gehiago utzi behar bada, mahastian utz daiteke, produkzio kostuak jaisteko; eta, bestalde, inguruetan badago ardo honentzako mahats egokia erosteko aukera ere.

Gaztetasunaz, xumetasunaz eta orekaz gain, ardo honek garnatxa tintorera ugari, monastrell asko, izaera nahikotxo eta oso prezio ona ditu.

Ardoaren sektorearentzako ere oso ona izan daiteke. Kartoizko ontzien izen txarra uxatzea lortzen bada, oztopoak apurtu eta ardogileei eta kontsumitzaileari aukerak zabaldu egiten zaizkie eta horrek ardoaren kontsumoari bultzadatxoa eman diezaioke.

Josep Lluis Perez mahastizain eta ardogilea dute taldean. Biologoa da eta Priorateko iraultzaren errudunetariko bat. Izen eta izan handikoa, inongo zalantzarik gabe. «Irakaslea» deitzen dute eta zerbaitegatik izango da, ezta? Josep Lluisek sartu zien proiektua aurrera eramateko ideia, neurri handi batean.

Arrazoi gehiago ere badaude, baina, egia esan, Pablo Calatayuden izaera eta erronka berrien aurreko haren jarrera ezagutzeak asko laguntzen du ausardi hori ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.